Mahaiak Kongresuko ohiko jokabidea urratu zuela argudiatu du Amaiurrek

Babes helegitea aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean, taldea osatzeko debekuaren kontra

Pello Urzelai.
2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Amaiurrek babes helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, talde parlamentarioa osatzeko eskariari Kongresuko Mahaiak emandako ezezkoaren kontra. Espainiako Konstituzioaren 23.2 artikuluan jasotzen den eskubidea, hots, kargu publikoetara baldintza berdintasunean iristeko eskubidea, urratu dela argudiatu du Amaiurrek, atzo goizean aurkeztutako babes helegitean. Xabier Mikel Errekondo eta Jon Iñarritu diputatuek aurkeztu zuten Iñigo Iruin abokatuak landutako helegitea.

Ezezkoa emateko Kongresuko Mahaiak «talde parlamentarioa osatzeko eskubiderako interpretaziorik kaltegarriena» erabili zuela salatu du Amaiurrek babes helegitean. «Mahaiaren akordioek», argudiatu du Amaiurrek, «ordura arteko ildo interpretatiboa aldatu egin dute, ex post eta kasu bakar baterako, justifikaziorik gabe eta arrazoitu gabe aurrekari parlamentarioetatik aldenduz». Azken batean, Kongresuko Mahaiak ordura arte izandako usadioaren kontra egin zuen Amaiurri talde parlamentarioa osatzea galarazteko, babes helegitearen arabera.

Kongresuko Mahaiak helduleku bat erabili zuen debekua ezartzeko: Amaiurreko Nafarroako diputatua hautesbarrutiko botoen %15ra iritsi ez izana (Sabino Cuadra Nafarroako botoen %14,86rekin aukeratua izan zen). Argudio horri eusteko asmoz, Mahaiak barne araudiko 23.1 artikuluaz egindako interpretazioa auzitan jarri du Amaiurrek babes helegitean. Hain zuzen ere, interpretazio hori ohitura parlamentarioaren kontrakoa delako, hau da, aurreko legegintzaldietan hartutako erabakien kontrakoa.

Aurrekariak

Barne araudiaren 23.1 artikulua interpretatzeko orduan, bi eztabaidagai daude. Batetik, ea zein hautesbarruti kontuan hartu behar diren babes elektorala neurtzeko: taldea osatzeko borondatea adierazi duten diputatuak aurkeztu zirenekoak edo formazio politikoa aurkeztu zeneko hautesbarruti guztiak. Amaiurren ustez, Auzitegi Konstituzionalak 64/2002 epaian finkatu zuen irizpidea: taldea osatu nahi duten diputatuen hautesbarrutiak hartu behar dira kontuan.Irizpide horren arabera, Amaiurrek dioenez, Mahaiak ontzak eman behar zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sei diputatuek egindako eskaera, guztiek betetzen zutelako %15aren langa. Doktrina horri jarraitu zion Kongresuko Mahaiak 2004an ERCren taldea osatzeko eskaera onartu zuenean, eskaera egin zutenen hautesbarrutiak bakarrik kontuan hartuz.

Bigarren eztabaidagaia %15a zenbatzeko moduari buruzkoa da: ea gutxieneko portzentaje hori hautesbarruti guztietan eta horietako bakoitzean edo guztien batuketan lortu behar ote den. Auzitegi Konstituzionalak orain arte ez du gai zehatz hori aztertu. Amaiurren defentsaren ustez, «aurrekariak ez ezik, usadio edo praktika parlamentarioa dago, zeinen arabera taldea osatzeko beharrezko babesaren %15aren kalkulua hautesbarruti guztietako emaitza globalarekin egiten den». Horrela gertatu da IV, V, VI, VII eta VIII legegintzaldietan hartutako akordioetan, Amaiurren defentsak nabarmendu duenez. Izan ere, PPk berak portzentajea era globalean interpretatu du espresuki, 2004an, ERCren kasuan, Mahaiaren bileran aktan jasota dagoenez.

Amaiurrek helegitean nabarmendu duenez, «Kongresuko Mahaiak beti aplikatu du araua printzipio juridiko beretik: talde parlamentarioa osatzearen aldeko interpretazioa». ERCren kasuan, gainera, talde mistoaren funtzionamendu arazoak saihesteko eta aniztasun politikoa bermatzeko egin zuen.

Azkenik, «paradoxikoa, zentzugabea eta logikarik gabekoa da», Amaiurren ustez, Nafarroan diputatu bat lortzea izatea taldea osatzea eragozten duena. «Ez du zentzurik diputatu bat gehiago lortzeak ahots gutxiago izatera eramatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.