Orain bada lehentasunik Jonan Fernandezen iritzian: "Alderdien mahaiaren deialdia egitea eta martxan jartzea, eta hango oinarri, helburu eta konpromisoak eta egutegia zehaztea". Bere iritzian horretan hasi behar dute orain alderdiek. Gainerako liskarrek "garrantzia gutxiago" dutela azaldu du.
Alderdien mahaia osatzerako, oinarriak ondo finkatu behar direla nabarmendu du, baina, prozesu honetan guztian hiru zailtasun handi ikusten dituela azaldu du. Horietako lehena dagoeneko eztabaida politikoan dagoela gogorarazi du, alegia, lehenengo mahaia osatu behar den edo indarkeria desagertu. Elkarriren iritzian bi fase daude: erabakiak hartzen hasi aurreko garaia, eta erabakiak hartzekoa. Lehenengo fasean "indarkeria egon arren" hitz egin daitekeela iritzi dio, baina zehaztu duenez, erabakiak hartzerakoan indarkeriarik ez egotea "ezinbestekoa" da. Lizarra Garaziko akordioan ere halaxe jaso zela gogorarazi du.
Bigarren traba "su etena balego, hori onartzeko sortuko diren zailtasunak", eta hirugarrena berriz, alderdi guztiak mahaian esertzea. PPri erreferentzia egin dio, "Batasunarekin inoiz" ez direla eseriko esan baitute. Fernandezen iritzian, "guztiak eseri ahal izateko oinarriak" jarri behar dira mahaiaren osaketan.
Bestalde, Espainiako Gobernuak euskal presoen eta haien senideen egoera "humanizatu" beharko duela iritzi dio Elkarrik, eta tortura desagertzeko ere pauso garrantzitsuak eman beharko direla azpimarratu du.
Prozesua aurrera joan ahala "zailtasun gehiago" azaldu daitezkeela aurreikusi du.
Politika
Mahairako deialdia egitea eta lan oinarriak adostea da lehentasuna Jonan Fernandezen iritzian
Elkarriko bozeramaile Jonan Fernandezen iritzian posible da kurtso politiko honetan alderdien mahaia sortzea. Oraingo lehentasuna "alderdien mahairako deialdia egitea eta oinarrian zehaztea da". Nolanahi ere, Radio Euskadin esan duenez, prozesuan hiru zailtasun handi ikusten ditu: "mahaia osatzea edo indarkeria desagertzea zein den aurrena zehaztea, su etena balego hura onartzeko egongo diren arazoak, eta tradizio politiko guztiek mahaian eseri nahi izatea". Radio Euskadin esan duenez, "indarkeria" egonagatik ere osatu daiteke mahaia, hori bai, erabakiak hartzeko faseak indarkeriarik gabekoa izan behar duela zehaztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu