Kezka nagusia euria da. Abuztuaren 15etik mahastiak ureztatzea debekatu zuen kontseiluak, hezetasun nahikoa zutela argudiatuta. Jatorri izenean 432 eta 500 litro ur bitartean erori dira aurten metro koadro bakoitzeko. Azken alea esku artean izan arte biderik aproposena zein den ere argi dute Errioxako enologoek eta mahastizainek: eguraldi lehorra eta eguzkitsua egunez, eta freskoa gauez.
Orain arte fruituaren garapena «nahasia» izan dela ohartarazi du Eduardo Perez de Azpillagak, kontseilu arautzaileko UAGAren eleduna. «Ekainaren erditik aurrera eta uztail osoan ekaitz franko izan zen, eta horrek hainbat gaixotasun eragin zituen, baina, zorionez, kontrolatu genituen». Urak arrisku gehiago du orain, ordea. «Lurra heze dago, landaretza asko dute mahastiek, eta euria hasiko balitz botrytisarekin arazoak egotea oso posible da». Mahatsa usteltzen duen onddo mikroskopikoa da botrytisa.
MAHATSA, OSASUNTSU. Edonola ere, gaur egun mahatsa «osasuntsu» dagoela azpimarratu du UAGAko ordezkariak. Bat datoz kontseilu arautzaileko teknikariak. Hori dela eta, «kalitate handiko uzta» aurreikusteko arrazoiak badirela uste dute, lehenbiziko heldutasun kontrolak aztertu eta gero. Sor-markako lurralde batzuetan txingorrarekin arazoren bat edo beste izan dute, baina Euskal Herritik kanpo.
Kontrol horietan honako faktoreak kontuan hartzen dira: mahatsaren pisua, alkohol gradu posiblea, azidotasun tartikoa, pHa, azido malikoa, potasioa, polifenolak eta intentsitate koloratzailea. Araban Guardiako Ardo Etxeak egiten ditu kontrol horiek, eta Nafarroan, Oliteko Enologia Estazioak.
Mahatsaren heldutasun puntua, berriz, sor-markari dagokion batez bestekoen barruan dago. Arabako Errioxan mahats-zuria irailaren erditik aurrera biltzen hasiko direla uste du Perez de Azpillagak, «arinago euria eginez gero». Ale beltzak, aldiz, iraileko azken asterako jasotzea posible ikusten du, azken bi edo hiru urteetan egin den modura. Hots, duela hilabete atzematen zen aurrerapena ezerezean utzi dute abuztuko gau freskoek.
Kontseiluak ezarri dituen mugak ez gainditzeko mahastiak kimatzen ari dira Arabako Errioxako hainbat ardogile. Uztaren kopurua iazkoaren antzekoa izango dela espero dute, datozen asteetan aldaketa handirik ez badago, bederen. Orotara, 445 milioi kilo mahats bildu ziren sor-marka osoan, eta horiekin 273 milioi litro ardo kalifikatu ekoiztu ziren. Arabako upeltegiek 74,3 milioi litro ardo atera zituzten, eta Nafarroakoek, 14,4 milioi litro, barietate beltzak eta zuriak aintzat hartuta.
UZTA TXIKIAGOA NAFARROAN. Nafarroako ardoa jatorri-deituran uzta joan den urtekoa baino apalagoa izango dela kalkulatu du EVENAk. Gutxi gora behera, sor-markako bost eskualdeen artean 110 milioi kilo fruitu batzea aurreikusi dute. Aurreko sasoian 113 milioi kilo izan ziren. Nafarroan Errioxako jatorri deitura duten herrietan 40 milioi kilo inguru izango dira, joan den urtean adina.
Espero zuten aurrerapena ez da azkenean gertatu. «Hamabi edo hamabost eguneko aurrerapena zuen uztak, baina seko geldiarazi du azken asteotako tenperaturak», azaldu du Jose Martin Oroz EVENAko zuzendariak. Mahastien egoera begetatiboa eta osasuna ere egokitzat jo ditu. Orain barietate gehienen azidotasuna handia da, baina normala garairako. Azidoen eta polifenoen tasak orekaturik daudenean mahatsa jasotzeko unerik egokiena da.
Juan Jesus Corcin Nafarroako jatorri deiturako kontseiluko kide eta EHNEko ordezkariaren aburuz, baliteke datorren astean bertan chardonnay mahats zuria biltzen hastea. Barietate beltzei dagokienez, uzta irailaren hirugarren astetik aurrera orokortuko da, beti ere eskualdearen arabera.
Europak egin duen erreforma proposamenak eta Nafarroako ardoa Espainiako Mahastiak markaren barruan sartu izanak bilketarako gogoak kendu dizkie laborariei. «Urte batzuk dira galerak izaten eta ez gara masokistak. EBko erreforma noiz iritzi zain daude batzuk mahastiak behin betiko erauzi eta ardoaz ahazteko».
Iazko uzta bikainaren itzalean
Erreferentzia ezin egokiagoa dute Arabako Errioxako eta Nafarroako ardogileek aurtengo uztan lortu beharreko kalitatea nolakoa izan behar duen neurtzeko. Hala 2004. nola 2005. urteetako uztarekin ekoiztu diren ardoek bikain kalifikazioa jaso zuten Errioxa eta Nafarroa sor-marketako kontseilu arau-jartzailearen erabakiaren ondorioz. Alegia, uzta batek izan dezakeen notarik altuena jaso dute bi urtez jarraian.«Joan den uztan mahatsa oso osasuntsu sartu zen upelategian, nik esango nuke jatorri deituraren %99an, eta baldintza horiekin ardo bikainak ateratzeko aukera guztiak genituen», gogoan du Eduardo Perez de Azpillagak, UAGAko ordezkaria Errioxa ardoaren sor-markako kontseiluan.
Haren aburuz, 2005. urteko mahatsa eta ardoa 1994. edo 1995. urtekoekin alderatzea bazegoen. «Uzta horiek gogorarazi zizkidan, eta urte horiek mitikoak dira ardogileen artean», azaldu du Perez de Azpillagak. Kalifikazioekin izan ohi da eztabaidaren bat edo beste, azken finean jatorri deitura oso zabala delako, eta eskualde batzuen eta besteen baldintzak ez direlako berdinak. «Iaz txingorra izan zen toki batzuetan, baina hain gutxi izan zirenez, logikoa da azken emaitza bikaina izatea».
Azken bi urteotako egoera ez da maiz errepikatu. Izan ere, 1995. urtetik lau aldiz jarri zaie Errioxako eta Nafarroako ardoei bikain. Bi urtez jarraian beste behin baino ez da gertatu Errioxan (1994-95). Hiru aldiz sekula ere ez. Aurten ote?
«Uztaileko ekaitzek zenbait gaixotasun eragin zituzten, baina, zorionez, horiek kontrolatzea lortu genuen»
Eduardo perez de azpillaga
errioxa sor-markako UAGA-ren ordezkaria
«Uzta hamabost egun lehenago biltzea espero genuen, baina abuztu freskoak hori geldiarazi du»
Jose martin oroz
evena-ko zuzendaria
«Zenbait urte badira galerak izaten, eta batzuk EBren erreformaren zain daude mahastiak erauzteko»
juan jesus corcin
Nafarroa sor-markako EHNE-ren ordezkaria