Iruñeko alkate Enrique Maiak (UPN) esan du aurtengo sanferminak bere bizitzako onenak izaten ari direla. "Sanfermin hauetan gauza asko sentitzen ari naiz: lehen txupinazoa, lehen prozesioa, zezenketak presiditzea, su festen sari banatzea... Sanferminetan ateratzen utzi zidaten lehen aldi hura berriz bizitzea bezala da".
Gaurko entzierroari buruz ere hitz egin du Maiak; polita izan dela esan du. "Cebada Gago ganadutegiko zezenek indar handia dute, eta emozioa ematen diete entzierroei. Lastima da australiar gazte horrek arduragabekeriaz jokatzeagatik adarkada jaso izana".
Alkateak esan du giroa "oso ona" dela eta "lasaitasun handia" dagoela. Gehitu du Udaletxe plazara kristalak sartzeko debekuari esker txupinazoa "arrakasta hutsa" izan zela.