Maialen Lujanbiok maila bikaina eman du gaur Bergaran (Gipuzkoa), Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen faseko lehen saioan, eta irabazle izan da, aise. 708,5 puntu lortu ditu eta finalerdietako bigarren itzulira sailkatu da -Donostian ariko da, hilaren 29an-. Kartzelakoan jo du goia Lujanbiok, Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak doinua moldatuta erabilita.
Gaurko ondorengo sailkatuak, hurrenez hurren: Aitor Mendiluze (680), Beñat Gaztelumendi (644,5), Jon Martin (619), Etxahun Lekue (608,5) eta Fredi Paia (596).
1.550 ikusle izan dira Labegaraieta kiroldegian (17:30ean hasi da saioa). Lujanbio eta Martin zortziko txikian ari zirela, argia joan da, eta mikroaren laguntzarik gabe abestu behar izan dute; publikoak lagundu diete errepikapenetan.
Finalaurrekoetako bigarren saioa bihar izango da, Gasteizen: Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Xabier Paya, Maddalen Arzallus, Iñaki Zelaia eta Arkaitz Estiballes.
Lehen itzuliko azken seiak ez dira sailkatuko bigarrengora
Asteburuon eta datorren astean Tolosan eta Hendaian jokatuko dituzten saioekin bukatuko da finalerdien lehen itzulia. Aurreneko bueltan, aurreko txapelketako finalistez gainera -Andoni Egaña txapelduna salbu-, final-laurdenetatik zuzenean edo puntuazioaren arabera sailkatutako 17 bertsolari ariko dira, eta lehen itzulian puntuaketarik baxuena izango duten sei bertsolariak ez dira ariko bigarrengoan.
Bigarren itzulira, lehen itzuliko lau saioetan saioa irabazten dutenak zuzenean pasatuko dira, eta gainontzeko 14ak puntuazioaren arabera. Gernikan, Iruñean eta Donostian ariko dira bigarren bueltan eta finalera sailkatuko diren zazpi bertsolariak puntuaziorik altuena lortuko dutenak izango dira. Egaña egungo txapelduna denez, finalera zuzenean sailkatuta dago.
Abenduaren 13an izango da finala, Barakaldon, BECen.
bertsolaritza
Maialen Lujanbio irabazle lehendabiziko finalaurrekoan, oso maila ona emanda
708,5 puntu lortu ditu Txapelketa Nagusiko finalerdietako aurreneko saioan, Bergaran, eta bigarren itzulira sailkatu da. Aitor Mendiluze (680), Beñat Gaztelumendi (644,5), Jon Martin (619), Etxahun Lekue (608,5) eta Fredi Paia (596) geratu dira ondoren. Lujanbiok eta Martinek zortziko txikian mikroaren laguntzarik gabe abestu behar izan dute, argia joan baita. Bihar Gasteizen izango da saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu