euskal presoak

Maiatzaren 19an presoen eskubideen alde biltzeko deialdiari atxikimendua eman diote hainbat irakaslek

Herrira mugimenduaren deialdiarekin bat egin dute gaur goizean. Bereziki "kezkatuta" agertu dira presoei ezarri dieten ikasteko debekuaren gainean.

2012ko apirilaren 19a
18:59
Entzun

Herrira mugimenduak maiatzaren 19an euskal preso politikoen eskubideen alde Euskal Herriko plazak betetzeko egin duen deialdiarekin bat egin dute unibertsitateko 70 bat irakaslek eta hainbat ikaslek gaur goizean, Gasteizen. Horrekin batera, nazioarteari "inplikatzeko" ere eskatu diote. 

Hiru proposatu dituzte "aldaketarako giltza nagusiak": presoak Euskal Herrira ekartzea, Parot doktrina bertan behera utzi eta zigor osoa eta zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkatenak berehala libre uztea eta presoen oinarrizko eskubideei begirunea izatea —ikasketak egin ahal izateari eta, batez ere, osasun arloko eskubideei—. 

"Azken hilabeteotan urrats esanguratsuak egin dira Euskal Herrian normalizazio bidean [...], eta urratutako bidean aurrera egingo badugu, beste urrats hauxe jotzen dugu ezinbesteko: euskal preso politikoen egoera jokaleku berrira lehenbailehen egokitzea", azaldu dute gaur Koldo Zuazo irakasleak eta Lur Albisu ikasleak irakurri duten testuan. 

Irakasleak diren heinean, "modu berezian" kezkatuta agertu dira presoei ezarri dieten ikasteko debekuaren inguruan. "Garbi dago, azken batean, gaur egungo kartzeletako egiturak ez daukala zerikusirik amesten dugun aro berriarekin. Mendekuan oinarrituta dago, ez bakerako eta normalizaziorako gogoan", salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.