Epaiketa

Maiatzaren 21ean eta 23an epaituko dituzte Iruñeko istiluko lau gazteak

“Desordena publiko terroristak” leporatuta, zazpina urteko espetxe zigorra galdegin du Fiskaltzak. Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte. Instrukzioa egin du Altsasuko auziarena egin duen epaile berak: Carmen Lamelak.

Iazkoa martxoaren 18an Errenterian (Gipuzkoa) eginiko manifestazioa. ANDONI CANELLADA (FOKU)
Berria
2018ko apirilaren 27a
16:30
Entzun

Iazko martxoaren 11n Iruñeko Alde Zaharrean izandako istiluen ostean atxilotu zituzten auzipetuta daude Errenteriako (Gipuzkoa) hiru gazteak. Zortzi hilabete egin dituzte preso, Nafarroako hiriburuko espetxean, eta baldintzapean daude iazko azarotik. Beste auzipetua da Beasaingoa (Gipuzkoa). Denera, hogei bat lagunek deklaratu dute instrukzio fasean.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2. Sekzioak epaituko ditu auzipetutako laurak. “Desordena publiko terroristak” leporatzen dizkie Fiskaltzak, eta zazpi urteko espetxe zigorra galdegin du bakoitzarentzat. Horrez gain, hamahiruna urterako inhabilitazioak eskatu ditu, eta 45.000 euroko isuna.

Errepresioari Autodefentsa dinamikak "herri eragileen aurkako eraso errepresiboak" salatzeko manifestazio bat egin zuen Iruñean, eta ondoren sortu ziren istiluak, Alde Zaharrean. Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiko epaileak, "terrorismo" delituak leporatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen instrukzioa.

Altsasuko auziko bide bera

Carmen Lamelak egin du hori, Altsasuko auzia ikertu duen epaile berak. Kasu horretan bezala, Nafarroako Lurralde Auzitegiak kasua Iruñera ekartzeko eskatu zuen Auzitegi Gorenean. Argudiatu zuen delituak larriak izan arren, desordena publikoen barruan sartzekoak direla, ez delitu terroristen barruan.

Gorenak ez zuen eskaera aintzat hartu, eta Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen. Hori ebatzi zuten hiru epaileetatik bik hartu zuten erabaki bera Altsasuko auzian. Iruñeko kasuan, argudiatu zuten “hiritarren artean terrore egoera eta segurtasun falta sortzera zuzendutako jokabideak” izan zirela manifestazioaren ondoren, eta "zantzuei begiratuta", Zigor Kodeko 573. artikuluko terrorismo delituen artean sailka daitezkeen gertaeren zirela. Artikulu horretan oinarrituta, Auzitegi Nazionalean epaitu dituzte Altsasuko liskarreko zortzi gazteak azkenengo bi asteetan.

Gazteen abokatuek salatu dutenez, berdintasun eta proportzionaltasun irizpideen aurkakoa da erabakia: “Iruñeko manifestazioaren ondoren izandako liskarrak inoiz ez ziren bideratuko terrorismo gertaera baten moduan baldin eta Espainiako Estatuko beste edozein tokitan gertatu balira”, argudiatu izan dute auzitegietan aurkeztutako helegiteetan.

Gazteei babesa agertzeko Etorkizunaren Alde plataforma osatu zuten. Errenteriako udaleko talde guztien babesa jaso dute; Eusko Legebiltzarrean, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSErena. Gazte auzipetuen bi lagun, bi guraso eta abokatu batekin izan zen Berria.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.