Rasconen ustez, behin batzordearen ondorioak izanda, Barcinak dimisioa eman beharko luke: "Gutxiagogatik ematen dute dimisioa Europan", eta horrela ez balitz bihar bertan PSNren zuzendaritzaren bilera dagoela gogoratu du, eta erabakiak hartzen hasiko direla, hauteskundeak aurrera ditzaten.
Rasconek dimisioa emateko eskatu dio Barcinari, "norabide aldaketa bat" izan dadin. Esan du maiatzaren 25ean hauteskundeak egotea espero duela "nafarrek hauteslekuetan hitz egin dezaten eta euren soilik dagokien erabakia har dezaten".
Dimisioa aurkeztu edo ez erabakitzeko, berriz, "Ferrazen presiorik ez" dute nabaritu, eta gainera uste du herritarrek "agonia honetan" ezin dutela jarraitu. "Autonomia badugu", esan du, baina ondoren gogoratu du PSN PSOEren baitan dagoela eta erabakia adosten saiatuko direla.
Oposizioa, bat eginda
Gainerako alderdiek ere Rasconen ildotik egin dituzte adierazpenak. Maiorga Ramirez Bilduko ordezkariaren ustez, "agerian geratu da Nafarroak aro berria ireki behar" duela. Patxi Zabaleta Aralarreko buruak nabarmendu duenez, "datuetan oinarritu" dira ondorioak ateratzeko, eta "erantzikizun politikoa Goikoetxearen eta Barcinaren bizkar gainean jarri da".
Geroa Bairen arabera, "ikerketa batzordeak tanta bat gehiago jarri du gainezka zegoen edalontzi batean", eta Txema Mauloeon Ezkerreko legebiltzarkideak defendatu du, "ikerketa batzordeaz gain, gizartearen gehiengoak ere ezin dela horrela jarraitu ikusten" duela, eta horregatik "bere" egin dutela herritarrei hitza itzultzeko konpromisoa. "Behar den guztia egingo dugu zentsura mozioa bultzatzeko".
UPNren kritikak
Carlos Garcia Adanero UPNko ordezkariak ez du iritzia partekatu oposizioko alderdietako ordezkariekin, haren ustez, ezer ikertu aurretik atera baitira ondorioak: "15 egun lehenago atera dira ". Bere ustez, PSNren helburua da gobernua eraistea, eta "hori zilegi da, baina moduak ez".
Ustelkeriarik ez da egon Garcia Adanerok defendatu duenez: "Ogasuneko zuzendariak ere esan zuen ez dagoela ustelkeriarik, eta errealitatea desitxuratu nahi du hitz hori erabiltzen duenak"