Maiatzaren 31tik aitzina, koronabirusaren aurkako txertoa hartzen ahalko dute heldu guztiek Iparraldean, baldintzarik gabe. Hala iragarri du arratsaldean Jean Castex Frantziako lehen ministroak Gagnyko (Frantzia) txertaketa gunean egindako bisita batean. Iragan astetik, heldu guztiek har dezakete txertoa Iparraldean, baina, egunetik biharamunera soilik eman dezakete izena, lehentasunezko publikoa txertatu ondotik gelditzen diren dosiak baliatuz. Hilaren bukaeran, ordea, helduentzat ez da gehiago baldintzarik izanen txertoa hartu ahal izateko. Maiatzaren 10etik, 50 urtetik gorako herritarrek eta 18 urtetik gorako herritar zaurgarriek har dezakete txertoa Ipar Euskal Herrian.
Maiatzaren 7an, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak erran zuen ekainaren 15ean irekiko zietela txertaketa herritar guztiei, baina Castexek baieztatu du epea aurreratuko dutela. Gainera, Castexek segurtatu du «birusarekin kontaktuan» diren langileek izanen dutela lehentasuna: hala nola Frantziako segurtasun indarrek, supermerkatuetako kutxazainek eta irakasleek. Sektore horietako langileek maiatzaren 24tik goiti hartzen ahalko dute txertoa, adin irizpiderik gabe.
Castexek azaldu du Frantziak datozen egunetan «milioika dosi» eskuratuko dituela. Frantziako Gobernuaren helburua da ekainaren 15erako 30 milioi herritarrek lehen dosia jarria izatea.