Politika

Maiatzaren 4an Nazioarteko Topaketak egingo dituzte Kanbon ETAren amaieraz

'Gatazkaren konponbidean aitzinatzeko nazioarteko topaketak' izenburua izango dute eta Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik osatutako babes talde bat izango dute. Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Foro Sozialak eta Bake Bideak xehetasunak eman dituzte Baionan. Bideoa: antolatzaileen agiria, euskaraz (Julen Aperribai eta Julen Hidalgo, BerriaTB).

Oihana Elduaien Uranga.
2018ko apirilaren 23a
07:29
Entzun

ETAren desegiteari buruzko xehetasunak ematekoak ziren Harremanetarako Nazioarteko Taldea, Foro Soziala eta Bake Bidea Baionan egin duten agerraldian. ETAren desmobilizazioari buruzko "datu garrantzitsuak" emango zituztela iragarri dute prentsaurrekora deitzeko komunikatuan, nahiz eta agerraldian ez duten ETA aipatu ere egin. Jakinarazi dute maiatzaren 4an Kanbon Arnaga etxean bake konferentzia bat izango dela, nazioarteko konferentzia. Eta irudi berezia aukeratu dute topaketetarako: Aieteko Bake konferentziko bera, leiho bat zabalik.

Hain justu, Aieteko bake konferentziarekin lotu dituzte maiatzaren 4ko topaketak, irudiekin ez ezik, hitzekin ere bai. Gogora ekarri dute 2011n, Aieten, "Europako azken gatazka armatuaren inguruko bake justu eta iraunkorra erdiestea" posible dela "sinetsita" zeudela. Hango bide orriari jarraiki iritsi dira maiatzaren 4ko topaketetara. Eta tartean, beste data bat jarri dute gako gisa: iazko apirila, hau da, ETAren armagabetzea.

"Ez da erraza izan", azpimarratu dute, "ez da erraza izaten ari, baina euskaldunek bake justu eta iraunkorra lortzeko helburuan determinazio argia erakutsi dute". Bide horretan "bertako gizarte zibilak, alderdi politikoek hala nola bertako instituzioek, guztiek" egindako lan eskerga azpimarratu dute.

"Azken helburura bidean", urrats esanguratsuak emateko aukera dagoela sinetsita daude, eta "helburu hori buruan" antolatu dituzte topaketak. Haietan parte hartzeko deia egin diete "euskal gizarte, erakunde zein alderdi politiko guztiei, bai eta euskal Instituzio guztiei". HNTk, Bake Bideak eta Foro Sozialak argi dute: "Euskal Herrian bakearekiko gure konpromezua berresteko ordua heldu da".

Baionako agerraldian Ipar Euskal Herriko ordezkari ugari egon dira. Hain zuzen, Anaiz Funosasek jakinarazi du bake konferentziak babes talde bat izango duela eta talde horretan izango direla Etxegarai, Brisson, Espagnac eta Idiart besteak beste. Euskal Herriko alderdi, eragile eta gizarte zibila gonbidatu dute Kanbon egotera. "Bakearekiko gure konpromisoa berresteko ordua heldu da".

Agiri bat irakurri dute gaurko prentsuarrekoan. Raymond Kenall Interpol-eko zuzendari ohiak eta Harremanetarako Nazioarteko taldekoak egin du frantsesez, Anaiz Funosas Bake Bideko kideak euskaraz eta Agus Hernan Foro Sozialekoak gazteleraz. Galderarik ez dute onartu, "diskrezioagatik". "Gure engaiamendua osoa da, beti argi izan dugu diskrezioaren beharra", azaldu du Funosasek.

Babes taldea

Nazioarteko topaketek babes taldea ere badute, gaur prentsaurrekoan jakitera eman dutenez. Honakoak dira taldeko kideak: Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria eta Baionako auzapeza, Kotte Ezenarro Hendaiako auzapeza, Alain Iriart Hiriburuko auzapeza, Max Brisson senatari errepublikarra, Frederique Espagnac PSko senataria, eta Florence Lasserre-David naiz Vincent Bru Moderneko diputatuak.

Desmobilizazioa ez ezik, ETAren azken adierazpenak ere zeresana eman du azken egunetan. Ostiralean BERRIA eta Gara egunkariei bidalitako komunikatuan aitortu zuen eragindako "samin handia", eta "barkamena" eskatu zien "gatazkan parte hartze zuzenik ez zuten" biktimei.

Ordezkari politikoek nahiz gizarte mugimenduek irakurketa argia egin zuten, eta berretsi desegite bidean egindako urratsa izan dela komunikatua. Ordea, batzuek "historikotzat" jo zuten, eta besteentzat, aldiz, motz geratu zen. Iñigo Urkullu lehendakariak, esaterako, galdegin zion bere azken adierazpenean "biktima guztiak" har ditzala kontuan, eta aitor dezala bere ekintzek eragindako mina. Nafarroako Gobernuak, berriz, ohartarazi zuen desegiteak "argia eta sendoa" izan behar duela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.