Gaur eguerdian jakin denez, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia maiatzaren 5ean (asteartea) izango da Eusko Jaurlaritzako lehendakari, orduan izendatuko dute. Inbestidura saioa orduan egingo dutela esan berri du Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Gasteizen, Bateraezintasun Batzordearen bileraren ostean.
9:30ean hasiko da saioa, Eusko Legebiltzarrean, eta alderdiek maiatzaren 2ra arteko epea izango dute lehendakarigaiak aurkezteko. EAJk ere iragarria du Juan Jose Ibarretxe aurkeztuko duela -EAJk irabazi zituen martxoaren 1eko bozak-.
Lopezek, PSE-EEren beraren, PPren eta UPDren botoak jasoko ditu: 39 (25, 13 eta 1, hurrenez hurren).EB abstenitu egingo da, bi kasuetan. EAJk, EAk eta Aralarren Lopezen aurka bozkatuko dute.
Lehendakaria hautatzeko bozketa ez da orain arte bezala elektronikoa izango. Legebiltzarkideek bi hautagaien -Lopezen eta Ibarretxeren- aldeko bozka zutik jarri eta hautagaiaren izena esanez bozkatuko dute. Dena dela, parlamentari batek beste baten ordez bozkatu ahal izango du; Natalia Rojo PSE-EEko legebiltzarkidea amatasun bajan dago eta haren botoa Jose Antonio Pastor alderdiko kidearen esku utziko du.
Apirilaren 1ean PPk eta PSE-EEk akordioa lortu zutenetik, Lopez eta Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea jendaurrean atzo elkartu ziren lehen aldiz, Bilbon. ETAren aurka borrokatzeko "alderdi guztien arteko akordio demokratikoa" lortzen saiatuko dela zioen PSE-EEko kideak. PPrekin "lehentasunezko harremana" izango duela gaineratu zuen, eta "enfasi berezia" jarriko duela EAJrekin kolaborazioa izateko -besteak beste, Arabako Foru Aldundian-.
Martxoaren 1eko hauteskundeetarako Demokrazia 3.000.000 hautesle plataforma Espainiako Justiziak baliogabe utzi izan ez balu, eta hark bozetan izandako botoak kontuan hartu izan balira, PSE-EEk, PPk eta UPDk ez zuketen gehiengo osoa lortuko: 35 legebiltzarkide (PSE-Ek 23, PPk 11 eta UPDk 1). Emaitza ofizialen arabera, haiez gain, EAJk 30 parlamentari ditu, Aralarrek 4, EAk 1 eta EBk 1.
Politika
Maiatzaren 5ean izendatuko dute Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari
Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak jakinarazi berri du inbestidura saioaren data. Lopezek PSE-EEren beraren, PPren eta UPDren botoak jasoko ditu: 39.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu