Atez ateko zabor biltzea Hernanin ere jarriko dute martxan. Herriko udal gobernuak iragarri du maiatzaren 9an jarriko dutela abian sistema berria. Oraindik, hortaz, hiru hilabete badituzte aurretik, eta denbora hori baliatuko dute sistema berria ezartzeko eta herritarren zalantza guztiak argitzeko.
Usurbilen jarri zuten lehenbizikoz atez ateko zabor biltze sistema Gipuzkoan. Arrakasta argia izan du —zaborren %27 birzkiklatzetik %82ra igaro dira—, eta Hernaniko udalbatzak iragan uztailean erabaki zuen sistema herrian ezartzea. "Demostratuta dago, datuak hor daude. Emaitzak oso onak dira, gehien-gehiena bereizita jasotzen delako, eta, bide batez, herritarren artean kontzientzia zibikoa zabaltzen delako", adierazi du Marian Beitialarrangoitia alkateak.
Sistema ezartzeko erabakia hartu zutenetik, haren nondik-norakoak azaltzen eta egokitzen aritu direla azaldu du udal gobernuak. Hala, erabaki dute bilketa gauez egitea, hondakinak zintzilikatzeko guneetan iluntzean uztea, jende asko den guneetan gunerik ez jarzea, eta egunez egun zein hondakin jaso.
Atez atekoa ezarririk, erraustegia egiteko proiektua sei urtez atzeratzeko eskatu du Beitialarrangotiak. Atzo hori bera eskatu zuen Usurbilgo alkate Xabier Mikel Errekondok. "Azpiegitura garestia da oso, eta herritar guztion osasunari kalte handia egiten dio, gertuko zein urrutiko", salatu du alkateak. Diputazioari eskatu diote atez ateko sistema kontuan izan eta haren onurak aztertzeko.
HONDAKINAK
Maiatzaren 9an hasiko dira Hernanin zaborra atez ate biltzen
Marian Beitialarrangoitiak Gipuzkoako Diputazioari eskatu dio sei urte atzeratu dezala errauste programa. Usurbilgo alkateak hori bera eskatu zuen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu