Maiatzaren amaieran ostalaritzako neurriak arintzea aztertuko du Jaurlaritzak

Egungo neurriak hilabete amaierara arte egongo dira, eta orduko egoeraren arabera neurriak leuntzea erabaki dezake Eusko Jaurlaritzak

Bilboko taberna bateko terraza bat. MONIKA DEL VALLE/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2021eko maiatzaren 21a
12:59
Entzun

Maiatzaren amaieran egungo ostalaritzako eta txokoetako neurriak leuntzea aztertuko dute, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu bezala. Izan ere, hilabete amaierara arte mantenduko dira ostalaritzako ordutegiak eta txokoen itxiera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: eta orduko egoera epidemiologikoaren arabera aztertuko dute neurri horiek arinduko diren edo ez. Zupiriak ontzat jo ditu orain arte ezarritako neurriak, eta ondorioztatu du, oro har, «eraginkorrak» izan direla.

Maiatzaren 7an onartu zuen Eusko Jaurlaritzak ostalaritzaren ordutegiak erregulatzen dituen dekretua. Gaueko 22:00ak arte egon daitezke zabalik ostatuak: txokoak, berriz, itxita daude oraindik. Neurri horiek kutsatuen eta ZIUetako gaixoen kopurua jaisteko hartu zirela azaldu du Zupiriak, «txertaketak aurrera egiten duen bitartean». Pandemiaren bilakaerari buruz galdetuta, azaldu du ezin dela aurreikusi datozen asteetan egoera nolakoa izango den, baina azaldu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa eta ZIUetako okupazioa «handiak» direla oraindik. 

Dena den, ez dio aterik itxi neurrien leuntzeari, hilabete amaieran egoera epidemiologikoa egokia bada, betiere. Neurriak gutxitzearen alde azaldu da Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, baina honela azaldu du: «Erabakia bilakaera epidemiologikoaren araberakoa izango da».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.