Maiatzean hipotekak %71 handitu dira, eta batez beste 144

684 euro mailegatu dira. Maiatzean, denera, 5.972 hipoteka sinatu ziren eta eskatutako diru kopurua 864 milioi eurora iritsi zen

BILBO
2006ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Hipotekak altxor. Finantza erakundeak gero eta diru gehiago irabazten ari dira etxebizitzak erosteko maileguei esker. Interes tasak igo, euribor indizea ere bai, eta herritarrek, ezinbestean, gero eta diru gehiago eskatzen dute. Aurtengo maiatzean, 864 milioi euro Hego Euskal Herrian. Apirilean baino %71 gehiago.

Batez besteko mailegua 144.684 eurokoa izan zen maiatzean: 5.972 hipoteka sinatu ziren, apirilean baino 2.370 gehiago (%65). Hil horretan, maileguak, batez beste, 140.172 eurokoak izan ziren Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaian. Ohikoa da gorabehera nabariak egotea urteko sasoi batzuetatik besteetara. Azkenaldion, ordea, sano handitu da herritarrek bankuei eta aurrezki kutxei eskatutako diru kopurua. Etxebizitzen garestitze etengabea dago igoera horren muinean. Euriborra, bestela ere, jada hipoteka sinatu dutenen poltsikoa zulatzen ari da.

EURIBORRA %3,546RA IRITSI DA. Interes aldakorreko maileguetan -guztien %98etan- erreferentzia moduan erabiltzen den indizea da eta 2002ko abuztuaz geroztikako maila gorenean dago.Hori gutxi balitz bezala, adituek ohartarazi dute %3,65era irits daitekeela laster. Interes tasak igo orduko.

Litekeena da Europako Banku Zentralak diruaren balioa garestitzea bihar: %2,75etik %3ra. Baina, urte bukaerarako, %4aren bueltan egon litezke interes tasak eta hipoteken hileroko kuotak, jakina, are gehiago handituko dira. Igoera 89 eurokoa izan da iazko uztailetik hona, oinarri moduan 20 urterako amortizazio epea duen mailegu bat hartuz gero.

Etxebizitza ordaintzea nekezagoa da orain, eta administrazioak beldur dira maileguen garestitzeak ez ote duen kontsumoa apalduko, eta apaltze horrek ekonomiaren hazkundea motelduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.