Istripua asteburuan gertatu zen, Salamancako Topas espetxera bidean, Etxerat euskal presoen senideen elkarteak jakinarazi duenez. Bi orkatz irten ziren bidera goizeko seiak aldera, eta bat saihestu zuten, baina bestea jo egin zuten.
Ibilgailuak kalte handiak ditu kolpearen ondorioz, eta ez ziren bisita egitera heldu. Topaseko espetxea Salamancan dago, Euskal Herritik 450 bat kilometrora.
Joan den astean presoen sakabanaketaz Eusko Legebiltzarrean egin zuten eztabaida izan du gogoan Etxerat-ek: "Maneiro jauna, Semper jauna; asteburuan, egoera anker honen beste adibide lazgarri bat jazo da. Senide izateagatik kondenatzen gaituzte. Noiz arte? Non daude gure giza eskubideak?".
25 urtean hamasei lagun eta senide hil dira presoei bisitan zihoazela errepideetan.