Gonzalo Musitu. Psikologoa

«Maitasunezko giroan hezitako haurrek errazago kontatzen dituzte gauzak»

Berdinen arteko jazarpena antzemateko, familiek ezinbesteko rola dutela uste du. 'Bullying'-ak gaztetxoen portaeran dituen ondorioak detektatzeko tresnez aritu da: «Depresio sintomak agertzen dituzte».

Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2017ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Kontxako pasealekuko hormaren metafora ulertu ote den da Gonzalo Musituren kezka bakarra, bere hitzaldia amaitu berritan: «Hura ez balego, urak hartuko luke hiria. Bada, jazarpen kasuetan funtzio bera betetzen du familiak». Sevillako (Espainia) Pablo Olabide unibertsitateko Psikologia katedraduna da; Donostian izan da, bullying-ari buruz hitz egiten.

Jazarpenaren aurkako prebentzioan, familiako kideen arteko komunikazioa oso garrantzitsua dela diozu. Zein beste faktore hartu behar dira kontuan?

Komunikazioa bera da garrantzitsuena, beste errekurtsoak aktibatzen dituelako: familiaren kohesioa, eta gurasoek egoeretara eta seme-alaben uneko beharretara moldatzeko duten gaitasuna. Etxeko giro ona da gakoa; eraikin eder batean bizi zaitezke, baina barruan arnasarik ezin baduzu hartu, alferrikakoa da.

Jazarpenaz ohartzeko, zein lanabes dituzte gurasoek ?

Asko daude. Psikologian badago kontzeptu oso garrantzitsu bat: autoerrebelazioa. Familiako giro erosoarekin harreman zuzena du. Maitasunezko giro batean hezi diren haurrek errazago kontatzen dituzte gertatzen zaizkien gauzak. Hala ez denean, gurasoek adierazleen beharra dute arazoaz jabetzeko. Esaterako, Internet bidezko jazarpenaren kasuan, mugikorra ezkutatzen dute, edo ordenagailuari begira negar egiten dute. Haurrari zerbait gertatzen zaiola adierazten dute.

Aurrez aurreko jazarpenaren kasuan, nola antzeman daiteke?

Beste adierazle batzuen bitartez. Jazarriaren eskola errendimendua jaisten da, ez du ohetik jaiki nahi izaten, jateko gogoa joaten zaio, bere zaletasunekiko ilusioa galtzen du... Benetako depresio sintomak agertzen dituzte.

Nola eragotz daiteke nerabe bat jazarria izatea?

Beti diodan eran, prebentzioa da gakoa. Gainera, arreta handiagoa jarri behar zaie biktima pasiboei. Hala deitzen diegu jazarpenarierantzuten ez diotenei; gehienetan, giro gozoan hazitakoak izaten dira, eta ahulagoak dira. Alderantziz gertatzen da biktima agresiboekin. Haien joera gehiago gerturatzen da jazarlearen estilora. Oro har, bien ezaugarri komuna da giro desegoki batean hezitakoak direla.

Zer alde dago biktima pasiboek eta agresiboek erasoaren unean duten erantzunean?

Pasiboek ez dute erantzuten jazarpena gertatzean. Barruan gordetzen dute gertatutakoa, eta hori oso arriskutsua da, suizidio ideia gehien izaten dituztenak baitira. Aldiz, biktima agresiboen erantzuna askoz bisualagoa da. Horrek jazarpena garaiz antzematea ahalbidetzen du sarri. Halako gehiago detektatzen dira eskolan, adibidez. Pasiboekin alderantziz gertatzen da; kontatzekotan, etxean kontatzen dute, familiako giroan daukan konfiantzagatik.

Nolakoa da jazarleen profila?

Jazarpen zibernetikoaren kasuan, denetarik dago, jazarpena bera askoz sotilagoa baita. Kaleko jazarpena ezberdina da: gehienetan, inguruko guztia bereganatzen duten lider disfuntzionalak izan ohi dira. Fisikoki indartsuak izaten dira, gandorra tente eramaten duten horietakoak. Gainera, sarri beste ikaskide batzuen babespean jarduten dute; erasotzaileen errespetua irabazteko jokatzen dute horrela.

Ikaskideek erasotzailea babesteak zer ondorio ditu jazarriengan?

Biktimak ikusten du merezi gabe jazarria izateaz gain erasotzaileak babesa duela, eta horrek gehiago murrizten dio autoestimua. Sarri, errua berea dela sinesten hasten da, nahiz eta errealitatea bestelakoa izan. Nahasmendu depresiboetako ohiko egoera da, eta galderei erantzun ezinak ondorio latzak izan ditzake.

Kaleko jazarpena etxeraino iristen al da teknologia berrien bitartez?

Ez kasu guztietan, baina jazarpenak jarraitzen du, bai. Erlazio interpertsonaletan oinarritutako kasuetan, jazarpena indarraren erabileran oinarritzen da. Aldi berean, jazarle horiek jazarpen zibernetikoa ere egin dezakete. Aldiz, kasu batzuetan, jazarpena teknologikoa da soilik: eskolan ez dute egiten, indar faltagatik.

Zein adinetan gertatzen dira jazarpen kasu gehien?

10 urterekin hasten da batez beste, baina gehienak 11 eta 17 urteen artean bistaratzen dira. Unibertsitate garaian ere badaude kasuak, baina bakanagoak dira.

Instituzionalki ondo lantzen al da prebentzioa?

Ezer gutxi leporatu diezaiekegu profesionalei. Gauza batzuk aldatuko nituzke, ordea: familiako psikologoa jarriko nuke osasun sisteman, medikuen eran. Psikologoak prebentzioan orientatuko lituzke senideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.