Komunikazioa

Maite Iturberi babesa kendu dio PSE-EEk

Sozialistek ez dute begi onez ikusi EITBn euskara normaltzeko plana. Salatu dute ez dituela defendatu "elkarbizitzaren, tolerantziaren eta aniztasunaren printzipioak".

Iturbe, otsailean, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan.
Adrian Garcia.
2014ko martxoaren 11
16:35
Entzun

Orain urtebete EITBko zuzendari nagusi Maite Iturberi emandako babesa kendu dio PSE-EE-k, hedabide publikoak zerbitzu publikoaren funtzioa betetzen ez duelakoan. Mikel Unzalu eta Idoia Mendia PSE-EEko legebiltzarkideek Iturberen lehen urteko balantzea egin dute gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. Haien ustetan, egungo hedabidearen ildo editoriala ez dator bat sorreran zuenarekin.

«EITB ezin da gertatzen ari denaren kontalari hutsa izan. Giza eskubideen eta terrorismoaren biktimen defentsarako eragile eraginkorra izan behar du», azaldu du Unzaluk. Mendiaren arabera, Iturbek ez du bete sozialistek babesa eman ziotenean adostutakoa, eta salatu du Iturberen lantaldeak ez dituela defendatu «elkarbizitzaren, tolerantziaren eta aniztasunaren printzipioak».

Bestalde, alderdi sozialistak ez du begi onez ikusi euskararen normalkuntzarako zuzendaritzaren plana. Mendiaren arabera, zuzendaritzak iragarritako enplegu eskaintza publikoak ez du «lege oinarri argirik». Euskara kontratazio berriei soilik eskatu behar zaielakoan dago Mendia, eta ez jada EITBn lan egiten dutenei. Iturberi babesa kendu badiote ere, ez diote kargua uzteko eskatuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.