Maixabel Lasak, Juan Mari Jauregiren alargunak —ETAk 2000. urtean hil zuen Jauregi—, euskal presoen eta biktimen arteko bilerekin "jarraitzeko" eskatu dio Espainiako Gobernuari. Hala, bilera horiek antolatzen dituzten bitartekarien lana goraipatu du, zeina "beharrezkoa eta lagungarria" den. Alderdi Popularrak Espainiako Gobernura iritsi zenean eten egin zituen bilera horiek.
"Espainiako Gobernuari eskatuko nioke uzteko lan egiten bitartekariei, oso garrantzitsua baita egiten duten lana. Damua erakutsi duten euskal presoei eskatuko nieke lan asko egiteko, espetxean nahiz kalean, autokritika eginez", azaldu du Lasak, Eusko Jaurlaritzaren Terrorismoaren Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendari ohiak.
"Biktimok badakigu ez dela gauza bera, eta niretzat oso garrantzitsua izan da jakitea hiru pertsona ari direla kondena betetzen, eta horietatik bi damututa daudela Juan Mari hiltzeaz. Horrek pentsatzen ez nuen zerbait eman dit, barneko bake bat. Azken finean, pertsona normal bat izan nahi dut, guztiek bezala; ez dut nahi bizi osoan biktima izan", adierazi du Lasak, atzo aurkeztu zen Los ojos del otro liburuko protagonistetako batek. Liburuak damua erakutsi duten euskal presoen eta biktimen arteko bileren berri ematen du.