Sara Majarenas euskal presoaren eta haren alaba Izarren eskubideak errespetatzeko ia aho batez eskatu dute Eusko Legebiltzarreko taldeek. PPk salbu, gainerako taldeek —EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk— legez besteko proposamen bat sinatu dute Majarenas aske uzteko eskatzeko, eta aldarrikatu dute Majarenasek berak eta haren alaba Izarrek "ingurune seguru" batean bizitzeko eskubidea dutela. Mahaiak tramiterako onartu du testua, eta, horrenbestez, osoko bilkuran eztabaidatuko dute. Testua behin betiko onartzen dutenean, Espainiako Espetxe Zuzendaritzari eta Auzitegi Nazionalari igorriko diote.
PPk ez gainerako taldeek hitzartutako proposamenak dio Izarren osasun psikologikoa aztertu duen medikuak esan duela haurrak "egonkortasuna" behar duela eta familiak inguratuta egon behar duela osatzeko. Hala, EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk galdegin dute haurraren eskubideak errespeta daitezela, aitaren erasoaren ondoren "babesgabe" dagoelako; halaber, Majarenasen eskubideak errespetatzeko eskatu dute, indarkeria matxistaren biktima den heinean. Hori hala, Espetxe Zuzendaritzari eskatu diote "legezko neurriak" har ditzala amaren eta alabaren eskubideak berma daitezen, eta horretarako Majarenasek aske geratu behar duela adierazi dute.