Izarrekin Sara Etxera plataformako kideak Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean izan dira goizean, Majarenasen eta haren alabaren egoera salatzeko asmoz. Gogorarazi dute alabak jasan zuen erasoaren ondotik epaileak erabaki zuela harrera etxeko gainontzeko pertsonen tratu bera jaso behar dutela ama-alabek —Madrilgo harrera etxe batean bizitzeko baimena eman zien epaileak, Izarren aitak hari labanaz eraso ostean—. Ordea, plataformaren arabera, soilik hiru orduz eta arratsaldez atera daiteke Majarenas etxetik, eta asteburuetan ez diote irteteko baimen berezirik ematen.
Majarenasen amak laguntza eskatu die batzordeko kideei Izarrek datorren ikasturtea etxean egin dezan: "Ez dakit zer egin dezakezuen, baina laguntza eske gatoz irailerako Donostian egon ahal izan daitezen. Izar irailean ikastolan hastea nahiko genuke, familiaz inguratuta egon ahal izatea, nahikoa sufritu dulako dagoeneko".
Batzordean ordezkaritza duten alderdi ia guztiak agertu dira euskal presoa eta haren alaba Donostiara ekartzearen alde. PSEko Rafaela Romerok nabarmendu du psikologoen txostenak biak etxera ekartzearen aldekoak badira hori ahalik eta denbora laburrenean egin beharko litzatekeela. Elkarrekin Podemoseko parlamentariak, Tinixara Guantxek, ohartarazi du auzi honetan "haurraren beharrak" direla kontuan hartu beharrekoak.
EAJko Irune Berasaluzek, berriz, gogorarazi du Majarenasek beteak dituela zigorraren hiru laurdenak, eta, beraz, kalean beharko lukeela. Urrats bat haratago joan da EH Bilduko Julen Arzuaga, eta prest agertu da biak etxera ekartzearen aldeko ekimen bat abiatzeko legebiltzarrean.
PP izan da eskaera babestu ez duen bakarra. Soilik nabarmendu du ama-alaben arteko harremanak "bateragarria" izan behar duela Majarenasek "justiziarekin dituen zorrekin".