Indarkeria matxista

Majarenasen erasotzaileak esan du "sendiaren presioak eraginda" jardun zuela

Majarenasek azaldu du erasoak ondorio psikologiko larriak izan dituela alabarengan, eta lo egiteko botikak hartu behar dituela. Valentzian ari dira egiten epaiketa.

Valentzian ari dira egiten Majarenasen eta haren alabaren erasotzailearen aurkako epaiketa. BERRIA
Maite Asensio Lozano - Arantxa Elizegi Egilegor
2019ko irailaren 10a
07:04
Entzun

Goizean hasi dute Sara Majarenasen bi urteko alaba hiltzen saiatu zen gizonaren aurkako epaiketa. Haurraren aita da akusatua, Stytianos Messinezis, eta 30 urteko espetxe zigorra eskatu dute harentzat; alaba hiltzen saiatzea ez ezik, amari lesio psikikoak eragitea ere leporatzen diote. Erasoaren unetik aurtengo otsailera arte preso egon da Messinezis, behin-behinean, baina orain aske dago.

Akusatua auzitegian bertan dago, eta handik deklaratu du. Soilik defentsaren galderei erantzun die, eta aitortu du alaba hiltzen ahalegindu zela. Baina erantsi du ez dela xehetasunez gogoratzen, eta damututa dagoela. Majarenasen gurasoekin arazoak zituela ere adierazi du, eta "sendiaren presioak eraginda" jardun zuela.

Defentsako abokatuak argi utzi du bere estrategiaren norabidea lehen galdera egin duenean. Honela esan dio akusatuari: "ETA talde terroristako kide izateagatik al zegoen Sara kartzelan?". Auzipetuak, ordea, ez du erantzuteko aukerarik izan, epaileak moztu egin baitio gogoraraziz ez daudela han Majarenas epaitzeko.

Messinezisen ostean hartu du hitza Majarenasek, bideokonferentzia bidez, eta azaldu du sei urteko erlazioa izan zuela akusatuarekin, baina 2016ko azarotik aurrera oso ohikoak zirela gizonaren haserrealdiak, eta harremana eten zutela. Gogoratu du nola erasoa gertatu zen asteburuan alaba negarrez joan zen aitarekin, eta igande goizean deitu zienean mehatxuka hasi zitzaion Messinezis: "Ni lasaitzen saiatu nintzen, eta orduan entzun nuen nire alabaren oihu lazgarria".

Majarenasek kontatu du erasoak ondorio psikologiko larriak izan dituela alabarengan: "Botikak hartu behar ditu lo egiteko, ez du ulertzen gertatu zaiona, konfiantza falta handia du batez ere gizonengan...". Trauma osteko estresa du umeak.

Majarenasek amaituta, haren gurasoek hartu dute hitza. Aitak kontatu du harreman ona zuela akusatuarekin, baina arazoak izan zituztela 2016ko Gabonetan. Erasoaren egunean, telefonoz deitu zion Messinezisek iloba hil zuela jakinarazteko, polizia etxerako bidean zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.