Eusko Legebiltzarreko bake lantaldearen jarduna ez du eten EAJk, espero zen bezala. Soilik EH Bildu eta EAJ agertu dira gaurko bilkurara, eta lanean jarraitzea adostu dute bi taldeek, "makalago" eta "beste era batera" bada ere. 10:00etan hasi dute bilera Laura Mintegi eta Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideek eta Iñigo Iturrate eta Joseba Egibar EAJkoek.
Amaitzean, adierazpenak egin dituzte Egibarrek eta Mintegik. Egibarrek azaldu du lantaldeak aurrera jarraituko duela, "makalago" eta "beste era batera" lan eginez, eta gainontzeko taldeei dei egin die lantaldearekin bat egitera. Hala ere, PSE, PP eta UPD kritikatu ditu, bakeaz "diskrezioz hitz egiteko gune" batean parte hartzeari uko egiteagatik.
Mintegik, berriz, esan du lanari eutsiko diotela "bakeak aukera bat merezi duelako". Halaber, legebiltzarreko lantaldean nahiz "beste edozein forotan" baketzeaz hitz egiteko pres agertu da.
"Lubakiak" sortuko lituzke lantaldeak aurrera jarraitzea, Urkulluren ustez
Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, bake lantaldea bertan behera uztea defendatu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Azaldu duenez, "errazena" izango litzateke lantaldearekin aurrera jarraitzea, baina uste du "lubakiak" sortuko lituzkeela horrek.
"Gehiengo osoa duten bi alderdik [EH Bildu eta EAJ] aurrera jarraitzea errazena izango litzateke, baina hori Euskadi lubakien gainean eraikitzea izango litzateke". Halaber, lantaldera aurkeztu ez izana kritikatu dio PSEri: "Akordioa ez da abiapuntua, lortu egin behar da".
EH Bilduk "zoru etikoa" onartu ezean PSEk ez duela bake lantaldean parte hartuko jakinarazi zuen Patxi Lopezek, eta lantaldea bertan behera utziko zuela adierazi zuen EAJk.