Makulua

Imanol Murua Uria.
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Urriak 12. Absentziak.

Bihar jakingo dugu Berria TBrako mahai-inguruan Joseba Egibarrek, Rufi Etxeberriak, Patxi Zabaletak eta Pello Urizarrek zer esan duten zabaltzen ari den garai politiko berriari buruz eta, zehatzago, abertzaleen arteko elkarlana gauzatzeko arazoei buruz. Zailtasunak dituztela begien bistakoa baita.

Urriaren 2ko manifestazioan denak egon ziren. Gernikako adierazpenean, ordea, Egibarren alderdia falta zen, baita ELA ere. Eta urriaren 12an Independentistak sareak antolatutako manifestazioan, baita Aralar ere. EAJk ez du azalpen handirik eman behar, Gernikan zergatik ez zen egon azaltzeko; beste estrategia batean dago, PSOErekin sintonian. ELAren hutsunearen zergatiaz jakin min handiagoa zegoen, eta aste honetan zerbait azaldu du Adolfo Muñozek, Radio Euskadin; ondo ulertu badiogu, bat dator Gernikako adierazpenaren mamiarekin, baina ELA ez dago besteek erabakitako estrategien menpe aritzeko eta, gainera, oraindik ETAk alde bakartasunez hartu beharreko erabakien garaian gaude. Aralarrek ere esan du zergatik ez den egon martxa berdean:independentziaren aldeko bilgunea beharrean, erabaki eskubidearen aldekoen bilgune zabalagoen premia ikusten du.

Botila erdi hutsik ikus daiteke, arrazoiz, baina erdi betea ere badago. Ondorengo polemika gorabehera, urriaren 2koak bidea erakutsi du; eta, absentziak absentzia, konponbiderako irizpide giltzarriak Gernikan daude. Ea mahai-inguruak argi pixka bat gehiago ematen duen.

Urriak 14. Elkoro etxean.

Jose Luis Elkoro etxean da, baldintza zorrozpean izan arren. Osasun arazoak dituelako irten da kartzelatik baina baita, neurri batean bederen, bere herrian antolatutako elkartasun mugimendu indartsu eta kolore askotakoak bultzatu duenagatik ere. 1979tik gaur arteko Bergarako alkate eta zinegotzi guztiek egin dute bat, PPkoek salbu, herritar ugarirekin batera, alkate ohiaren askatasunaren alde.

Baina, bat ateratzen denean, barruan zenbat gelditu diren gogoratzeko unea ere izaten da. Alkate ohiez ari garenez, gogora dezagun Pablo Gorostiaga, hiru aldizLaudioko alkate aukeratua(1979, 1987 eta 1999), Elkoro baino bost urte gazteagoa (70 urte), kartzelan daukatela, Herrera de la Manchan. Elkoro bezala, Egin-en enpresa argitaratzaileko Administrazio Kontseiluko kide izan zelako dago giltzapean, egunkaria argitaratzeko lanetan edo arduretan izan ziren beste bederatzi lagunekin batera, hala nola Javier Salutregi zuzendaria eta Teresa Toda zuzendariordea.

Urriak 15. Eragina eta ardura.

Zukua ateratzen ari zaio EAJ Madrilen dituen sei diputatuei. Rodriguez Zapateroren ahuleziak, Kataluniako joko politikoaren gorabeherek eta Espainiako Kongresuko aritmetikek eragiteko gaitasun handia eman die Urkulluren alderdiari, eta bere erara baliatzen ari da. Behin erabakitzeko eskubidearen aldeko estrategia ondo alboratuta, Gernikako Estatutuaren araberako autogobernuan sakontzeko apustuari ekin eta, oposiziotik, Patxi Lopezen gobernuari zegokion lekua hartu du. «Autogobernua nik negoziatu dut», esan du lehendakariak ETBn aste honetan egin dioten elkarrizketan, eta inork ez dio noski sinetsi. Orain EAJren lorpena txalotzera behartuta egongo da, baina guztiz jokoz kanpo ageriko da, nabarmen. Tanto ederra, EAJren alde.

Akordioa ez da, itxura guztien arabera, aurrekontuetara mugatzen. Legealdi osorako Rodriguez Zapateroren makulu bihurtu da EAJ eta, horrek, eragiteko gaitasuna ez ezik, erantzukizuna ere ematen dio. Espainiako Gobernuaren politiken arduraren parte bat EAJrena ere izango da; politika ekonomikoetan bezala, bakegintzari buruzkoetan. Urkulluren esanetan, «akordio historikoak» atea ireki dio «garai politiko berri bati». Eta Egibarrek adierazi du «urrezko aukera» dela Zapaterok «autogobernuan eta bakegintzan zer asmo dituen jakiteko» eta, esaterako, EAJk «oso-oso garbi» esan diola 2011ko bozetan «adierazpen politiko guztiek» egon behar dutela.

ETAk atentatu gehiago ez egiteko erabakiaren berri eman zuenetik, baina, musika berarekin ari dira PSOE eta EAJ, Madrilek jarritakoa dirudien partiturari jarraituta beti ere. Ea Urkulluk iragarri duen «garai politiko berriak» partituran aldaketarik dakarren, Egibarrek iradokitzen duen arloan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.