JOSE ATANESEN HILKETA. GERTAKARIA ALEGIAN

«Makurtu egin zen eta ertzainak tiroa eman zion buruan, atzetik»

Jose Atanes zenaren neska-lagunak bertsio ofiziala ezeztatu du; autotik ikusi zuen gertakaria, zuzenean

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
DONOSTIA
2004ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Atzo hiru aste, abenduaren 19, Jose Atanes Rodriguezek tiro bat jaso zuen buruan N-1 errepide bazterrean, Alegia parean (Gipuzkoa), 17:00ak inguruan. Lau bat ordura hil zen Donostia Ospitalean. Ertzain baten pistolatik atera zen tiroa, «nahi gabe» Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera. Bertsio horren arabera, errepide pare horretan ari omen ziren ertzainak istripu baten ondorioak zuzentzen. Bide bazterrean ibilgailu «susmagarri» bat ikusita, bertara hurreratu omen zen agente bat. Batzuk ez zuten zehaztu zenbat ibilgailutik jaitsi egin omen ziren eta ertzainarekin indarka hasi omen zen euretako bat. «Eraso» ere egin omen zion agenteari. Nahaste horretan, «nahi gabe tiroa irten» egin omen zen ertzainaren armatik. Guztia argitzeko barne ikerketa zabaldu zuela jakinarazi zuen Herrizaingo Sailak.

Neska-lagunaren lekukotza

Jose Atanes Rodriguez zenaren neska-lagun Edurne Cornejok, baina, bertsio horrekin bat ez datorren kontakizuna eskaini zuen atzo. Bere esanetan, ez zen tirabirarik izan ertzainarekin eta tiroak ez zuen nahi gabekoa izateko itxurarik berak ikusi zuen tokitik, auto barrutik. «Pepek deitu egin zidan, lanera bila joateko eskatuz», dio Cornejok. Andoainera joan zenean lankideekin omen zegoen mutil-laguna zuena. Tartean zen hildakoaren anaia Vicente, enkofradore koadrila bereko langileak baitziren biak. Handik pixka batera, Beasain aldera abiatu ziren bi autotan Jose Atanes zena Beasainen bizi zen neska-lagunarekin, eta 11 urte zeramatzan Euskal Herrian. Aurreko autoan Vicente eta beste hiru lankide abiatu ziren. Atzekoan, Jose zena eta neska-laguna. «Aurreko autoa gelditu egin zen bide bazterrean. Nik ere autoa gelditu egin nuen, atzean. 'Zergatik gelditu diren galdetzera noa', esan zidan Pepek. Autotik atera eta aurrekoengana abiatu zen. Galdetzera zihoan bitartean, ertzainak errepidea gurutzatzen ikusi nituen. Kontrako norabidean zeuden, autoa geldituta, eta kamioi bat ere ikusi nuen geldituta. Eskuan pistola zeramatela zeharkatu zuten errepidea biek. Peperi builaka hasi ziren, geldirik egoteko esanez».

Jose Atanes gelditu egin zela dio haren neska-lagunak. «Bat nigana etorri zen autora eta ez mugitzeko esan zidan. Peperengana joan zen bestea. Kolpe bat eman zion buruan pistolarekin. Jarraian, besotik tiraka eraman zuen bide bazterrera, gure aurreko auto atzealdetik, ia arrastaka. Pepek esan zion ezer ez zela egiten ari, anaia eta lankideak aurrean zituela eta autoa zergatik gelditu zuten galdetzera zihoala. Galdera egitera-edomakurtu zen, eta ertzainak tiroa eman zion buruan, atzetik. Ez zen borrokarik izan, kontrakoa esan duten arren». Zertan ari zen galdetu omen zion Cornejok ertzainari. «Oldartu egin zait», jaso zuen erantzuna. «'Baina nola oldartuko zaizu, bada, zuri bizkar ematen ari bazen?', ihardetsi nion. 'Ihes egin dit tiroak', bota zidan. Pistolarekin apuntatu ninduen, autoan sartzeko esanez. Ez nion kasurik egin. Nire mutilarengana joan nintzen, baina ez zidan heltzeko denborarik ere eman. Besteen autoaren kontra bezala geratuta zegoen, baina lurrera erori zen. Tiroa entzuna nuen eta ez nekien Peperi eman ote zion, baina harenganaino heldu nintzenean lurrera erori zen».

Anaiaren hitzak

Jose Atanes zenaren anaia Vicentek, berriz, gertatutakoa ikusi ere ez zuela egin dio, anaiak tiroa jaso zuen tokitik oso gertu zegoen arren, aurreko autoan, atzeko eserlekuetan. Ez omen du gogoratzen zehazki zergatik gelditu zen euren autoa bide bazterrean: «Elkarrekin bazkaldu genuen eta Gabonetako oporraldia zetorren. Beasainera gindoazen. Ni ez nintzen ezerrekin akordatu, oso bizkor gertatu zen dena. Hori da aldiro sentitzen dudan mina, anaiarengandik bi metrora egon eta harengatik ezer egiteko gauza ez izatea».

Tiroa ere ez omen zuen entzun, auto barruan musika jarrita zeukatelako. «Nik Edurne ikusi nuen gugana etortzen eta kristalaren bestaldetik 'Peperi tiro bat eman ziotek!' esaten».Autotik azkar-azkar jaitsi eta lurrean ikusi omen zuen botata anaia, «odol putzu batean», bi autoen artean. «Haren gainean jarri nintzen, hitz egin ziezadan eta beste esaten nion. Begiak itxi egin zitzaizkidan une horretan. Hori da egun hartan nik ikusitako guztia».

-

LANKIDEEN NAHIA



 

«Gertatutakoa argitzea da eska dezakeguna»





Lasarte-Oriako eraikuntza enpresa batean egiten zuen lana Jose Atanes Rodriguezek, anaia Vicenterekin batera. Lantokiko nagusiaren esanetan, «oso pertsona eta langile zintzoa» zen hildakoa. Behin eta berriro errepikatu du nagusiak esaldi hori. Horregatik sinesten omen die gertakariaren unean harekin zuden lankideei eta neska-lagunari. «Ez zen inongo alferra. Lana egiten zuen eta lana eskaini zion herri honi. Oso lasaia zen».

Gardentasuna eskatu du jarraian, «bizi garen tokian zer dagoen» jakin arren indar polizialak herritarrak babesteko tresnak izan behar dutela nabarmenduz: «Nik dakidala, bizia arriskuan ikustean bakarrik atera dezake arma Poliziak. Kasu honetan, errepidea zeharkatu zuten arma eskuetan. Eta armek hiru seguru dituzte. Araudi asko hautsi zirela dirudi. Gu ez gara ez epaile, ez abokatu eta ez ezer. Eska dezakegun gauza bakarra gertatutakoa argitzea da. Hori da lankideok nahi duguna».Eta hildakoaren «izen ona garbitzea», orain artean zabaldutako bertsio ofiziala neurri batean «gaiztoa» iruditzen zaielako: «Bizitzako unerik onenean galdu du bizia gure lankideak. Gezur asko entzun dugu eta lekuko zenbaiten bertsioa ez dator bat bertsio ofizialarekin. Kontraesanak daude. Ertzaintzak berak izan beharluke interes gehien dena argitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.