BIESCASEKO TRAGEDIA

Malko uholdea

Biescaseko hondamendiaz geroztik hemeretzi urte pasa dira. 87 pertsona hil ziren tragedian, tartean 13 euskal herritar. Kaltetuek eta biktimen senideek justizia eske jarraitzen dute.

Jone Amonarriz
2015eko abuztuaren 7a
18:12
Entzun

Malko uholdea, izan zen Biescaseko tragedia gertatu eta bi egunetara Euskaldunon Egunkariak argitaratutako kronikaren titularra, 1996ko abuztuaren 9an. “Trajediaren biharamonean Biescasen ez zegoen hitzik gertatutakoa azaltzeko. Ikaragarria, beldurgarria, ez sinistekoa. Gallego ibaia bere onera itzulita eta eguzkipean zail egiten zen bezperan gertatutako ulertzea; baina han zeuden katastrofearen arrastoak, amesgaiztoa benetakoa izan zela adieraziz”.

Aragoiko Pirinioetako (Espainia) Las Nieves kanpalekuan gertatu zen ezbeharra. Hiruzpalau minututan suntsitu zuten urek aurrean harrapatu zuten guztia, dozenaka lagunen biziak ere bai. Hemeretzi urte geroago, kasua itxirik dago baina zauriek irekita jarraitzen dute. Uholde ikaragarriak 87 hildako eta 200 zauritu inguru utzi zituen, eta familia osoak banandu.

Abuztuaren 7 hartan, ekaitza aurreikusia zuten, baina inondik inora ez halako hondamendia. Sendo eta indarrez egin zuen euria, eta ordubetean 170 litro ur bota zituen metro koadroko. Euri jasak uholde ikaragarria eragin zuen eta 13.000 tona sedimentu eraman zituen arrastaka. 1950. hamarkadan eraikitako hustubide artifiziala bultzatu, eta beste irteera bat bilatu zuen bertan denbora gutxian pilatutako materialak. Errekak bere bide zaharra hartu zuen eta Aras eta Gallego ibaien elkargunearen aldamenean aurkitu zuen tokia uholdeak: Las Nieves kanpalekua zegoen zelaian, hain zuzen.

Justiziarik ez

Natura ez zen gertatutakoaren errudun bakarra izan, segurtasun neurri guztiak betetzen bazituen ere, kanpalekua ez baitzegoen leku egokian. Luis Bardaji kanpinaren jabea errugabetu ondoren, kaltetuen aldeko lehen epaia 2005ean eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, kanpina Gallego ibaiaren ibilgu ohian eraikitzea baimendu izana giza akatsa izan zela ebatzita; errudun jo zituen Espainiar Estatua (Ingurumeneko Ministerioa) eta Aragoiko Diputazioa ezbeharra “aurreikusi eta ekidin zitekeelako”, eta kaltetuei 11 milioi euro ordaintzera kondenatu zituen, biktima bakoitzeko 180.00, alegia. 

Auzitegiak, ordea, ez zituen prozesu judizial hartan parte hartu ez zuten hamalau familia aintzat hartu, eta ukatu egin zien kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, "beranduegi" zelakoan. Prozesu judizial guztiaren ondoren, "justiziarik egin ez izanaren sentsazioa" utzi die biktimei, besteak beste, arduradunak ez direlako errudunen aulkian eseri.

Memoria gunea

Uholdea gertatu zen lekuan eremu berezi bat eraiki nahi du Biescaseko Udalak, "zauriak itxi" nahian. Datorren urtean hogeigarren urtemuga beteko da tragediaz geroztik, eta memoria gunea  data esanguratsuan inauguratzea dute helburu. "Oroitzapen txarrak biltzen dituen espazioaren duintasuna errekuperatu nahi dugu, degradaturik ahanzturan erorita dagoen lekuan parke berezia sortuz", adierazi du Luis Estaun Biescaseko alkateak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.