Gipuzkoako zenbait ikastetxetako ikasle ugarik Mallorcara bidaiatu zuten oporretan, unibertsitateko hautaproba egin ondotik, eta horietako hainbatek hartu dute birusa. Ostiralean Jaurlaritzak jakinarazi zuen 126 zirela positibo eman zuten gazteak, baina orain 172ra igo da kutsatuen kopurua. Horrez gain, 306 gazte berrogeialdian daude oraindik ere, beren etxeetan, gaur goizean Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak jakinarazi duenez.
Asteburu honetan Mallorcara bidaiatu zuten 500 gazteri egin dizkiete testak, kutsatuta dauden jakiteko. Izan ere, joan den ostiralean, 126 kasu positibo zirela jakinarazi zenean, Osasun Sailak probak egiteko eskatu zien ekainaren 12tik uharte horretara joan ziren 16 eta 19 urte bitarteko gazteei. Egun hauetan Mallorcatik etorri direnek ere izan dute proba egiteko aukera. Testak Osakidetzako ospitale guztietan egiteko aukera izan da asteburuan.