Politika

Maltzagako Mahaiak "prozesu bikoitza" aldarrikatu du, bakea eta burujabetza lortu ahal izateko

2008ko azaroaren 26a
17:35
Entzun
Euskal Herrian "behin betiko bakea eta burujabetza" lortzeko xedea du Maltzagako Mahaiak, eta horretarako "prozesu bikoitza" behar dela aldarrikatu du gaur atera duen agirian. Lehengo larunbatean Lizarran (Nafarroa) bilera egin zuten mahaiko kideek, eta gaur plazaratu dituzte ondorioak.

2007. urtean abiarazi zuen ekimena Euskaria Fundazioak, baina joan den apirilean aurkeztu zuen. Sentsibilitate desberdineko lagunek osatzen dute mahaia. "Bilera hauetan parte hartzen ari diren taldeak hauek dira: Abertzaleen Batasuna, Eusko Alkartasuna, Aralar, Euskaria Fundazioa, ELB sindikatua, Ofizialeak. Horiez gain, (haiek nahi izan dutelako, EB-IUk izan ezik), Maltzagako Mahiaren kideen bitartez Lizarra-Garaziko Akordioan egon ziren beste sentsibilitateen iritzia kontuan hartzen dugu, ofizialki ordezkatuta egon ez arren", esan dute gaur Mahaiak.

Berriro 1998an bezalako Lizarra-Garazirik ez dela izango diote agirian, "baina gaurko errealitatera egokitutako" antzeko "bigarren fasea" defenditu dute. Orduko prozesuaren "hausturaren gakoak izan zirenak ongi identifikatuta" dituzte: "Barruko faktoreak: eragileen arteko erritmoen inguruko ezinbateragarritasuna, prozesua azken muturreraino eramateko konpromisorik eza, lurralde batasunera iristeko metodologia ezberdinen arteko talka, eta Lizarra-Garaziren xedea gizarteratzeko kanpainaren ahulezia. Kanpoko faktoreak: estatuen jarrera antidemokratikoa eta bortitza, borroka armatuen jarraipena, estatuek ezarritako marko jurdiko-politiko itogarria eta hilkorra".

Oraingo "fasean", bakea lortzeko prozesua, "diskrezio osoz" egindakoa, "gatazka armatuaren eragileei" dagokie, haien ustez. "Burujabetza prozesua, aldiz, herritar guztiei".

Maltzagak Mahaiak "Euskal Herri burujabea, askea, demokratikoa, zuzena eta iraunkorra" nahi du. "Diskurtsoak berritu behar dira, Euskal Herriko kohesio soziala, kulturala, politikoa eta ekonomikoa indartzen duten ekimena lehenetsi behar dira".

Eurena hauteskundeetatik kanpoko ekimena dela aldarrikatu dute, eta eragile gehiagorekin lankidetza lortzeko lan egingo dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.