Ertzaintzak atzo goizaldean Villabonan (Gipuzkoa) atxilotu zuen gazteak, Manex Castro Zabaletak, inkomunikatuta jarraitzen du polizia autonomoaren esku, eta ez dago haren berririk. Horixe salatu du gaur AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.
24 urteko gaztea Ertzaintzak atxilotu zuen Villabonako taberna batean atzo goizaldeko hirurak aldera, eta ETArekin zerikusia izatea egotzi diote.
AAMk azaldu duenez, familiari ez diote inolako informaziorik eman haren egoeraren inguruan, eta abokatuari ez diote gaztearekin egoten utzi. Ertzaintzak gaur goizean esan die senideei inkomunikatuta dagoela.
Gaur iluntzean, 20.00etan, batzarra eta manifestazioa deitu dituzte Villabonako plazan, atxiloketa salatzeko.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gogorarazi du azken hiru urteetan Ertzaintzak ez duela gatazka politikoarekin lotutako atxilotuetariko inor inkomunikatu, eta EAJk "inkomunikazioaren aurka dagoela esan izan du urteotan".
Hain justu, orain Manex Castro inkomunikatzea zergatik erabaki duten galdetu dio EAJri, zergatik "ez dioten uzten atxilotuari bere abokatuarekin egoten", zergatik "ez dioten esaten bere familiari non eta nola dagoen", eta zergatik "eduki pertsona bat bost egunez erabat inkomunikatuta". Castro "torturatua izateko arriskua" dagoela salatu du AAMk.
Inkomunikazioak torturatzaileei "inpunitate espazio agerikoa" eskaintzen diela nabarmendu du, eta Ertzaintzaren aurka "200 tortura salaketa baino gehiago" daudela gogoratu du. Zentzu horretan, tortura amaitu ahal izateko inkomunikazioa bukatu behar dela nabarmendu du.
Atxiloketak
Manex Castrok inkomunikatuta segitzen du, Ertzaintzaren esku
Senideek eta abokatuak ez dute haren berririk. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak esan du azken hiru urteetan Ertzaintzak ez duela gatazka politikoarekin lotutako inor inkomunikatu, eta orain zergatik eta zertarako inkomunikatu duen galdetu du, hura "torturatua izateko arriskua" dagoela salatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu