Indarkeria matxista

Manifestazio jendetsuak, Mbeugouren hilketa salatzeko

Udaleko ordezkariek eta alderdi politikoetako hainbat arduradunek elkarretaratze isila egin dute eguerdian udaletxearen atarian. Ustez hilketarako erabilitako labana topatu dute bikotea bizi zen etxearen inguruko zaborrontzi batean.

Bilboko manifestazioa. @ALTERNATIBA
2018ko irailaren 26a
07:30
Entzun

Emakume baten hilketa salatzeko elkarretaratzea egin dute, gaur goizean, Bilboko udaletxe atarian. Udaleko ordezkariak eta alderdi politikoetako hainbat arduradun bildu dira. Besteak beste, Juan Mari Aburto alkatea, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia.

Maguette Mbeugou da eraildako emakumea. 25 urte zituen. Atzo aurkitu zuten gorpua, bere etxean, Bilbon. Ertzaintzak ordu gutxira atxilotu zuen bikotekidea, hark hil zuelakoan. Biktimak gizonaren aurkako salaketa bat jarrita zeukan Udaltzaingoan, genero indarkeriagatik. Ertzaintzak gaur topatu du ustez hilketarako erabilitako labana, etxe inguruko zaborrontzi batean. Hainbat iturriren arabera, gainera, atzo gorpua topatu baino 24 ordu lehenago hil zuen Mbeugou bere bikotekideak. 24 ordu egin zituen etxean hilda, eta iturri horien arabera, hiltzaileak berekin utzi zituen haren bi alaba txikiak.

Aburto alkateak adierazi du "egun tristea" dela, eta gaineratu du biktimaren bikotekidea atxilotu izana dela albiste on bakarra. Aburtok ohartarazi du "hiltzaileak, bortxatzaileak eta emakumeei tratu txarrak egiten dizkietenak sobran" daudela Bilbon.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria ere elkarretaratzean izan da. Mbeugouren sendiari "babesa eta elkartasuna" adierazi dizkio. Landaidak nabarmendu du emakumeen hilketak "berdintasunik ezaren ezaugarririk latzena" direla.

Emakumeen Mundu Martxak Mbeugouren hilketa salatzeko manifestaziora deitu ditu gaur iluntzerako, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Jendetza elkartu da haietan.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.