Villepinen bisita

Manifestazioa egin dute Baionan, De Villepini "ogi porroskarik" ez dutela nahi adierazteko

Arratsaldeko 18:15etan abiatu da Baionako Herriko Etxe ataritik Dominique de Villepin Frantziako Barne Ministroa Ipar Euskal Herrian dela-eta 25 erakundek antolatutako manifestazioa. Suprefeturara heltzean zen protestan parte hartu duten 250 bat lagunen xedea, baina Poliziak ez die hurbiltzen utzi. Tentsio une batzuk izan dira manifestari batzuk CRSen parean jarri direnean, baina ez da istilurik izan. Bai, ordea, eguerdian, Batasunak Suprefetura atarian egin duen elkarretaratzean.

2004ko azaroaren 26a
19:26
Entzun
Arratsaldeko manifestazioan parte hartu duen jende taldeak zein ekitaldia antolatu duten 25 erakundeek mezu bat helarazi nahi izan diote De Villepini: ez dutela "ogi porroskarik" nahi. Lelo horrekin egin dute protesta.

Nolanahi ere, ez da hori izan Frantziako Barne ministroaren bisitaren kariaz gaur egin den protesta bakarra. Eguerdian, Batasunak antolatua elkarretaratzea izan da, eta istiluak gertatu dira. Izan ere, CRSek Suprefeturara hurbiltzea eragotzi die indarka elkarretaratzean bildutako 40 bat lagunei. Gainera, zenbait lagun kolpatu egin dituzte, besteak beste, Xabi Larralde, Zigor Gojeaskoetxea eta Jean Claude Agerre Batasuneko mahaikideak. Atxiloketen eta torturen kontrako banderolak erakutsi dituzte ekitaldi horretan.

15:00tean, berriz, De Villepin Kontseilu Nagusiaren egoitzan euskararen IPEren sorrera izenpetzen ari zelarik, Demoek beste elkarretaratze bat egin dute. Protesta Kontseilu Nagusiaren aitzinean egitea zen haien asmoa, baina hara hurbiltzen utzi ez dietenez, Mattin Megadendaren parean paratu dira azkenean. 'Euskara zerbitzu publikoetan orain' jartzen zuen pankarta zabaldu dute.

Goizean hasita hainbat bilera eta ekitalditan parte hartu ostean, mintzaldi nagusia bostetan egin du De Villepinek Baionako Merkataritza Ganbaran. Batera-ko kideak ez ditu hartu nahi izan "astirik" ez duela argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.