400 pertsona inguru elkartu dira, Denok batera, bestelako Iruñerantz zioen pankartaren atzean. Jai herrikoiak aldarrikatu, eta UPNk bultzatzen duen "ereduaren" kontra agertu dira. Gizarte eragile ezberdinetako ordezkariek parte hartu dute. Martxa amaitzerakoan, eragile bakoitzeko kide banak hitza hartu du Gaztelu plazan. Iruñea Askatasunez taldeak antolatu du mobilizazioa.
Batetik, Iruñea Antifaxista taldeak azken boladan ugaritzen ari den "propaganda faxista" gaitzetsi, eta salatzeko deia egin du. Euskal Herrian Euskaraz-ek sanfermin euskaldunak aldarrikatu ditu. Bilgune Feministak, berriz, eraso sexisten aurka "izaera aktiboa" izatera deitu du. Erasoei aurre egiteko protokoloaren xehetasunak ere azaldu ditu. Etzi hasiko dira sanferminak.