Hondakinak

Manifestazioa egingo du EH Bilduk, Alduntzinen aurkako zentsura mozioa salatzeko

Uztailaren 7an egingo dute protesta, Donostian, zentsura mozioa eztabaidatu eta hurrengo egunean. Koalizioak uste du hondakinak kudeatzeko plana "integrala" dela eta horrek oposizioko alderdiak "urduri" jarri dituela.

2012ko ekainaren 29a
15:34
Entzun

Uztailaren 7an manifestazioa egingo du EH Bilduk, Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren aurka EAJk, PSE-EEk eta PPk aurkeztu duten zentsura mozioa gaitzesteko. Gaur eguerdian egin du agerraldia EH Bilduk, zentsura mozioaren inguruko balorazioa azaltzeko. Hondakinen "arazoa" konpontzeko "plan integrala" aurkeztu du diputazioak, koalizioaren esanetan, eta horrek oposizioko alderdien "urduritasunak eta kontraesanak" azaleratu ditu.

Arlo bateko diputatu baten kontra zentsura mozioa aurkeztea "inoiz inon ikusi ez den" ekimena dela azaldu dute, eta oposizioak "blokean" hartu duen jarrera deitoratu dute EH Bilduko ordezkariek. Kudeaketa planak duen "potentzialtasuna ezkutatzeko zarataka eta espantuka" hastea egotzi diete EAJri, PSE-EEri eta PPri, "benetako eztabaidari ihes egiteko".

Uztailaren 6an eztabaidatuko dute Batzar Nagusietan Alduntzinen aurkako zentsura mozioa. Hurrengo egunean egingo dute manifestazioa, Donostian, 17:30ean, Bulebarretik abiatuta. Birziklatzeari zentsurarik ez; Gipuzkoa aldatzen ari gara leloa aukeratu dute martxarako.

Errauste plantak alternatibarik baduela adierazi du koalizioak, eta Europaren ebazpenak ekarri ditu gogora. Birzikla daitekeena ez errausteko agindu du Europak, eta errefusa erretzeko errauste planta bat egitea gipuzkoarrei "iruzurra" egitea dela ohartarazi du. Hortaz, eraikuntza horren atean "interes ekonomiko eta politiko batzuk" daudela ondorioztatu du EH Bilduk.

EAJk, PSE-EEk eta PPk, Gipuzkoan, "ezkerreko subiranista eta independentistaren aurkako fronte bat" osatu nahi dutela ere salatu du koalizioak, "abian den aldaketa politiko eta soziala" geldiarazteko. EAJren jarrera "bereziki kezkagarria" iruditzen zaio EH Bilduri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.