Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak igande honetarako Donostian euskal presoen alde deitua dagoen manifestazioa debekatu duela-eta, Etxerat erakundeak protesta egin du gaur Gasteizen, Lakuan, Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.
Presoez egoeraz idatzi bat ere sartu du erregistroan. Haietako batzuk larri gaixorik egon arren preso daudela salatu du Etxeratek, beste batzuei Parot dotrina ezartzen dietela (zigor pilatzea), eta presoak sakabanatuta daudela. "Azkeneko urraketa, manifestazioaren debekua da", adierazi du Marifeli Etxeandia presoen senideen erakundeko bozeramaileak. "Adierazpen askatasunaren kontrako eraso bortitza da".
Herrizaingo Sailak aurreko egunetan esan du manifestazioa erabaki judizial batek baino ezin dezakeela baimendu, eta hori adierazi izana salatu egin du Etxeratek. "Izan ere, herri honen erabaki eskubidea ukatzen -Jaurlaritzak horregatik joko du Europara- eta tortura ahalbidetzen duten epaileak dira neurri judizial hori har dezaketenak".
Javier Balza Herrizaingo sailburuarekin bildu nahi izan dute, baina honek ez ditu hartu, aurretik jakinarazi zuen bezala.
Etxeratekoak gaur Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) ere izan dira. Eliz atarian elkarretaratzea egin dute. Urteroko meza eman du han Juan Maria Uriarte Donostiako gotzainak eta, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria, beste kontseilari batzuk eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia izan dira elizkizunean.
Euskal presoak
Manifestazioaren debekuaren aurkako protesta egin du Etxeratek Lakuan
Presoen senideen erakundeak idatzia sartu du erregistroan, eta Balza Herrizaingo sailburuak ez ditu hartu. Eusko Jaurlaritzak galarazi egin du iganderako deitua dagoen mobilizazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu