EUSKAL HERRIA

Manifestaziora deitu du EH Bilduk abuztuaren 10erako, Donostian

'Sasi guztien gainetik, Euskal Herria martxan' izango da manifestazioaren leloa, Euskal Herria "martxan" dela adierazteko.

2013ko uztailaren 27a
18:39
Entzun

Abuztuaren 10ean Donostian egin du deia EH Bilduk: Sasi guztien gainetik, Euskal Herria martxan lelopean, manifestazioa antolatu du. Alderdiaren ustez, krisialdi ekonomikoak gogor jo du Espainia, eta horrek berekin ekarri du "erregimen frankistaren erreformatik eratorritako eredu politiko eta instituzionalaren krisian nabarmen sakontzea".

Espainiako krisiak hiru adar nagusi ditu: batetik, krisi ekonomikoa eta "horri aurre egiteko aitzakian" langile eta herritarren aurka egiten ari den "erasoaldi basatia"; bestetik, estatu ereduaren krisia; eta, azkenik, "ustelkeriak jotako eredu politikoaren krisia".

EH Bilduren ustez, "eredu zentralista, ustel eta neoliberalean sakontzea" da Espainiak euskal herritarrei egiten dien "eskaintza bakarra". EH Bilduren ustez, aurrera egiteko modua eragileen zein herritarren arteko akordio zabalak, konponbidearen, herri mobilizazioa eta erabakitze eskubidearen eta langileriaren eskubideen defentsa dira. 

Adierazpen hauek abuztuaren 10erako deitu duten manifestazioa aurkeztean egin dituzte Joxean Agirre eta Ainhoa Beolak. Nabarmendu dutenez, Madrilek zentralismoaren eta ukazioaren apustua egin du, "egiazko demokraziaranzko trantsizio bat" egin beharrean.

Horren harira, salatu dute Gobernu espainiarrak krisiaren ondorioen zama "langileriaren bizkar utzi" duela, eta gastu publikoa murriztearen aitzakian, zentralizazio administratibo "itzela" egiten ari dela. Era berean, gatazka politikoari "behin betiko" aterabide demokratikoa emateko Euskal Herrian harturiko "konpromiso eta eginiko urrats garrantzitsuen" aurrean, eskubide urraketan eta indarkerian oinarritzen den "inboluzioaren hautua" egin izana leporatu diote PPri. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.