Askapena erakunde internazionalistako zazpi kide atxilotu zituen irailaren 29an Poliziak, Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Bost oraindik kartzelan daude. ETAren nazioarteko aparatuko kide izatea egotzi diete. Faltsua da hori, ordea, Oskar Mateluna Askapenako kidearen hitzetan, atxilotuek beti «lan politiko eta publikoa» egin dutelako. «Leporatu ahal zaien bakarra internazionalismoaren alde lan egitea da. Eta internazionalismoa ez da delitu». Manifestaziora deitu dute horregatik bihar Iruñean, 19:00etan, Gazteluko plazatik abiatuta: atxilotuak askatzeko, errepresioa eteteko eskatuko dute.
Berrogeita hamar erakundek baino gehiagok egin dute bat Askapenaren deialdiarekin. Euskal Herrikoak batzuk -Aralar, Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasunak, eta LAB, ELA eta ESK sindikatuek- eta nazioartekoak beste asko -Espainiakoak, Herrialde Katalanetakoak eta Palestinakoak, adibidez-. Internazionalismoa ez da delitua, errepresiorik ez! izango da manifestazioaren leloa.
Lidon Soriano Komite Internazionalistak taldeko kidearen hitzetan, internazionalismoak globalizazio kapitalistaren aurkako fronte komunean kokatzen ditu herrien borrokak. «Elkartasuna da gure arma nagusia, eta hitzak, berdintasuna, errespetua eta anaitasuna gure munizioa». Atxiloketekin jardun hori kriminalizatu egin nahi izan dutela eta Euskal Herriko gatazka konpontzeko ulermen atmosfera sortzea eragotzi nahi izan dutela gehitu du.
Manifestaziora deitu dute biharko, Askapenaren alde
Berrogeita hamar erakundek baino gehiagok bat egin dute Iruñean bihar egingo den manifestazioarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu