Ezohiko batzar batean bozkatu dute Enirio-Aralar mankomunitateko kideek txostenaren aurkezpena onartu edo ez. Joan den astean egin zen batzarra, mankomunitateko kide diren zenbait ordezkarik eskatuta. Eztabaidagai bakarra zuten bileran: Aranzadi zientzia elkarteak Aralar mendiaren kudeaketari buruz egindako txostena ofizialki aurkeztea onartu edo ez erabakitzea.
Ez zen erraza izan erabakia hartzea. Bitan bozkatu behar izan zuten eskaera, eta bi aldietan zazpina botorekin berdindu zuten —kontra bozkatu zuten EAJko ordezkariek, independente batzuek eta Amezketako EH Bilduko ordezkariak—. Azkenean, mankomunitateko presidentearen kalitate botoa baliatu zuten berdinketa apurtzeko. Hala, txostenaren aurkezpena ez onartzea erabaki zuten ordezkariek.
Bide batez, eskaera aurkeztu zutenen jarrera ere kritikatu zuten. "Hartutako erabakiak errespetatu eta exekutatzeko garaia da, ez berriro tentsioa sortzen duten eztabaidak sortzeko garaia", adierazi zuen Ordiziako alkate Jose Migel Santamaria jeltzaleak, mankomunitateko presidenteak.
Herri akusazioaren salaketa
Haserre daude Eguzki eta Landarlan talde ekologistak ere, zeinek asmoa baitute Aralarko pisten auzian herri akusazio gisa parte hartzeko. Komunikabideetara bidalitako oharrean salatu dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak epaileari eskatu dio 10.000 euroko bermea ezartzeko bi talde horiei herri akusazio gisa aurkezten badira.
Ekologisten arabera, hasieran 20.000 euroko bermea eskatu zion aldundiak epaileari, eta baita hori ordaindu arte auzian parte hartzea debekatzeko ere. Ordea, auzitegiek ere gehiegizkotzat iritzi zioten kopuruari, eta 4.000 eurora jaitsi zuten eskaera. Horren ondotik, ordea, aldundiak bermea 10.000 eurora igotzea galdegin zion epaileari.