AZPIEGITURAK

Manu Aierdi: "Nafarroako Ubideak diru galera eragin du"

Azpiegituraren kostua 100 milioi euroan handitu dela eta diru-sarrerak «aurreikusitakoa baino dezente txikiagoak» direla salatu du Nafarroako lehendakariordeak legebiltzarrean. Proiektua berraztertuko dute

Manu Aierdi, Nafarroako lehendakariordea. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2015eko abenduaren 11
11:04
Entzun

«Nafarroako Ubidea proiektuak orain arte eginiko ekarpenak aurreikuspenen azpitik daude; azpiegituraren plangintzan ezarritakoa baino askoz txikiagoak dira diru sarrerak». Nafarroako Gobernuko goi ordezkari batek ubidearen proiektu «estrategikoaz» hain gordinki hitz egiten duen lehen aldia da. Eta Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Aierdik ez du zalantzarako abagunerik utzi, legebiltzarrean eginiko agerraldian: ubideak pitzadurak ditu, baina ura galdu beharrean, diru publikoak dira isurbidean behera doazenak. «Canasa - Nafarroako Ubidea SA sozietateak diru galerak izan zituen 2014an, eta diru galerak izanen ditu 2015ean ere. Horrez gainera, azpiegitura honen gastu orokorra 100 milioi euroan handitu da, 623 milioi eurotik 722ra».

Aierdirekin batera, legebiltzarrean izan da Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizalde ere. Haren esanetan, Nafarroako Gobernuak ez du oraingoz ubidearen proiektua eten, baina egitasmoa berraztertzeko «arrazoi franko» daudela nabarmendu du. Egoera honen erantzuletzat jo du aurreko gobernua, eta UPNk ubidearen inguruan eginiko «finantza kudeaketa negargarria». Urtebeteko epean, proiektu berria prest egonen dela esan du Elizaldek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.