Paueko Auzitegiak Manu Azkarate euskal preso ohiaren (Tolosa, 1963) estradizioa onartu du. Euroagindu baten harira, martxoaren 7an atxilotu zuten, Ziburun, eta egun berean geratu zen behin-behinean aske, kontrol judizial pean. Kasua maiatzaren 15ean aztertu zuten Pauen, eta auzitegiak orain eman du berria. Defentsa abokatuak helegitea jarriko du.
Azkarate 2004az geroztik bizi da kontrol judizial pean eta, atxiloketako egunean hainbat komunikabidek esan zutenez, baldintza guztiak ez errespetatu izana leporatzen dio Espainiako Auzitegi Nazionalak..
Hesteetako eritasun larri bat
Hesteetako eritasun larri bat du preso ohiak, eta gaixotasun larri eta sendaezina izaki, 2004ko ekainean kontrol judizial pean aske utzi zuten. Lehen aldikoz, 1986an kartzelatu zuten, ETArekin lotuta, eta 1992ko abenduan aske utzi zuten baldintzapean, gaixotasun larria zuela eta. 2004an aske uzteko erabakia baliogabetu zioten, eta preso sartu berriro. Bost hilabete preso pasatu ondoan atera zen kalera, borroka luze eta gogor bat eraman ondoan. Gose, egarri eta medikazio greba hasi, eta Donostiako Ospitalera eraman behar izan zuten; baina, senda-agiria eman, eta berehala berriz espetxeratu zuten. Herritar eta eragile andana mobilizatu zen orduan, Azkarate kalera zezaten exijitzeko. 2004ko ekainean aske utzi zuten.
Frantziak Asier Ezeiza eta Leire Lopez Zurutuza estraditatu ditu
Frantziak Espainiaren esku utzi ditu gaur Asier Ezeiza Aierra eta Leire Lopez Zurutuza ustezko etakideak. Auzitegi Nazionalak egin zuen eskaera, delitu batzuk egin zituztelakoan.