Presoak

Manu Azkaratek ez du onartu hirugarren gradua

Manu Azkarate preso tolosarrak ez du onartu Javier Gomez Bermudez epaileak hirugarren gradua eskuratzeko egin zion proposamena. Hiru arrazoi eman ditu Azkaratek uko egiteko: batetik, hirugarren graduaren truke epaileak ezarri nahi zizkion kontrol neurriak —besteak beste, uneoro non legokeen jakiteko tresna telematiko bat eramatea— "duintasunaren kontrakoak" direla. Bestetik, gaixotasun larria duenez, aske egotea dagokiola, eta ez hirugarren gradua eskuratzea, eta, azkenik, presoen kolektiboarekiko atxikimendua. Aitor Ibero abokatuak salatu du Azkarateri ezarri nahi izan dizkioten kontrol neurriak haren aurkakoak ez ezik, senide eta lagunen aurkakoak ere bazirela.

2004ko maiatzaren 18a
16:09
Entzun
Izan ere, hirugarren graduaren truke kontrol baldintza sorta zorrotza ezarri nahi izan dio Azkarateri Gomez Bermudez epaileak. Laburbilduz, honakoak:

-Presoak tresna telematiko bat eraman beharko luke soinean, uneoro non dagoen jakin dezaten.

-Haren etxean seinale igorle eta hartzaileak egongo lirateke.

-Ezingo luke telefono erantzungailurik izan etxean.

-Beti ordu berean atera beharko luke etxetik, eta ordu berean itzuli beharko luke etxera. Sarrera eta irteera orduak aldaltzekotan, aldez aurretik jakinarazi beharko lioke bere zaintzaren ardura duen pertsonari.

-Azkarateren jarraipena egiteko ardura lukeen pertsonak nahi duenean sartu ahal izango luke haren etxera.

-Hirugarren graduan legokeenez, asteburuetan espetxera itzuli beharko luke.

Azkarateren abokatu Aitor Iberok salatu du, funtsean, kontrol neurri horiek espetxearen luzapen bat direla, eta presoari berari ez ezik, haren inguru guztiari eragingo lioketela; hots, senideei zein lagunei.

Azkaratek, berriz, idatzi baten bidez jakinarazi du hirugarren graduari uko egiten diola eta erabaki hori hartzeko kontuan hartu dituen arrazoiak. Ixiar Arratibel Azkarateren neska-lagunak irakurri du idatzia.

Manu Azkarate presoa aske zegoen gaixotasun sendaezina duelako, baina duela hilabete batzuk berriro espetxeratzeko agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Javier Gomez Bermudez epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.