Filtroko esperientzia "gazi-gozoa" izan zela uste du Manueltxo Goitiak: gazia, Poliziaren bortizkeriak bi lagun hil zituelako. Gozoa, bi herriren arteko elkartasuna azaleratu zelako.
Nola hartu zenuen Uruguaira ihes egiteko erabakia?
Torturatik eta errepresiotik ihesi, atzerrira joateko erabakia hartu zuten hainbatek; tartean, ni neu. Uruguaira alde egin nuen horrela egokitu zitzaidalako eta nire aurretik beste batzuk joan zirelako, baina ez pentsa herrialdea ezagutzen nuenik.
Zuk eta beste errefuxiatu batzuek Uruguain zabaldutako jatetxera sartu zen Polizia. Gogoan al duzu egun hori?
1992ko maiatzaren 15a zen. Urte berezia zen. Bartzelonako Olinpiar Jokoak urte horretan izan ziren, eta, antza denez, Espainiako Gobernuak irmotasun irudia eman nahi zuen. ETAren "kupula" famatua desegin zutela esaten zuten hedabideetan.
Zer leporatzen zizueten?
Dokumentazioa faltsutzea egotzi ziguten guri, eta delitu horretan kolaboratzea, berriz, hiru uruguaitarri, baina zalaparta mediatiko itzela piztu zen, Espainiako Gobernua tartean sartu zelako. Hasieratik, Espainiaren esku-sartzea izugarria izan zen, Interpolen atxilotze agindurik ere ez baitzegoen gure kontra. Espainiako eta Uruguaiko gobernuen arteko tratua izan zen hura. Madrilgo ordezkariek pentsatzen zuten estradizioa onartu eta haiekin itzuliko ginela pare bat egunen buruan.
Baina ez zen horrela izan, ezta?
Ez. Madrilek berehala ikusi zuen tramitea ez zela espero bezain erraza. Ezker abertzalearen delegazioak sekulako lana egin zuen parlamentariekin nahiz beste eragile batzuekin hitz egiten. Uruguaiko herria ere kontra zuen Espainiak. Hortaz, gobernuaren ordezkariek Espainiako enbaxadan utzi behar izan zituzten estradizio aginduak, eta esku hutsik, etxera itzuli.
Handik pare bat urtera, ordea, Madrilen nahia bete zen...
Estradizioa lortu zuten, bai, baina ez haiek nahi zuten moduan. Ordurako, hamahiru euskal iheslarietatik hiru kalean ziren jada; handik hilabete gutxira, beste lau askatu zituzten... Azkenean, hiru lagunen kontra aurkeztu zuten estradizio agindua soilik.
Horretan zerikusia izango zuen uruguaitarrek egindako presioak, ez?
Zalantzarik gabe. Izugarria izan zen erreakzioa. Erabat barneratua dute asilo eskubidearen aldarria, eta ez zuten ulertzen Espainiako Gobernuaren jarrera. Gainera, Asiloaren Aldeko Uruguaiko Batzordeak ezker abertzalearekin batera egindako lanari esker, Euskal Herriaren borroka gizarteratzea lortu genuen.
Sarraskiaren eta dramaren gainetik, garaipen politikoa lortu zenuten, beraz?
Bai, noski. Uruguaiko nahiz Euskal Herriko lagunek asko ikasi genuen elkarrengandik, eta oso aberasgarria izan zen guztiontzat, baina, tamalez, lezio horiek guztiek prezio ikaragarria izan zuten, Poliziak bi pertsona hil zituelako.
Filtroko ospitalearen aurrean gertatzen ari zena ikusteko aukera izan zenuten?
Medikuek gurekin izan zuten jarrera ezin hobea izan zen, eta haiei esker jaso genuen kanpoko informazioa. Istiluak piztu zirenean, hesiak jarri zituzten ospitaleko leihoetan. Hurbildu eta, une batez, kanpoan gertatzen ari zena ikusteko aukera izan nuen: sekulako borrokaldiak, Polizia egurra ematen, manifestariak buruan jotzen eta patata zakuak balira bezala furgoneta barrura botatzen. Tiroak, zarata... hori guztia entzuten zen. Hala ere, ez genekien hildakoak izan zirenik. Espainiako Poliziak kontatu zigun arte. Madrilerako hegaldian aitortu ziguten.
Uruguaiko jendearekin harremanik izan al duzu ordutik?
Bai. 2000. urtean kalera atera nintzenetik, hiru alditan itzuli naiz Uruguaira. Azkenekoa, aurtengo otsailean. Jendeak gogoan du duela hogei urte gertatutakoa, eta gazteek entzuna dute istorioa, bertakoentzat ere oso esperientzia gogorra izan zelako.