Okupazioa

Maravillas gaztetxeak ez du Rozalejo jauregia utziko

EH Bildurekin negoziatzen aritu da azken bi hilabeteetan, eta muzin egin dio proiektua Oscus-en eraikinera lekualdatzeko proposamenari.

Maravillas gaztetxeko kideak, Rozalejon duten elikagai bankuan lanean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Tubia.
2018ko azaroaren 10a
07:45
Entzun

Rozalejo jauregia indarrez hustu eta berehala hasi ziren negoziazioak. Maravillas gaztetxea auzokideekin eta EH Bildurekin elkartu da bi hilabetez, baina negoziazioak ez du fruiturik ekarri. Hala ere, gaztetxeko kideek eskerrak eman dizkiete bi eragile horiei, prozesuan izandako jarrerarengatik. Oscusen eraikinera lekualdatzeko aukera mahai gainean izan da, gaztetxekoek "aukera aurreikusi" zuten, baina azkenerako ez dute onartu.

"Auzoaren arazoei aurre egiteko, eta auzo eredu berria eraikitzeko, ezinezkoa da legearen menpeko proiektu eta espazioak antolatzea. Izan ere, legedia egungo sistema ekonomiko eta politiko ustela mantentzeko pentsatuta dago", azaldu dute, ohar baten bidez. "Egiten dugun lana instituzioen barnean garatzea ezinezkoa da gaur egun". Bidenabar, Nafarroako Gobernuari "errepresioaren bidea" alde batera uzteko eskatu diote, eta egoerari "beste bide batetik heltzeko" .

Negoziazioaren nondik norakoak

Gaztetxeko kideen esanetan, negoziazio mahaiaren bueltan ziren eragileek "gauzak ulertzeko modu ezberdinak" dituzte, eta horregatik ezin izan dute akordiorik erdietsi. "Gure proiektuak autogestioa du ardatz nagusi; oinarritik egiten dugu gure lan politikoa, denen artean". Hori da Rozalejon jarraitzeko arrazoia, oharrean aipatu dutenez.

Negoziazio prozesu horretan, hasieran jarritako "marra gorriak" gutxika atzera bota dizkietela esan dute gaztetxekoek, eta legeei jarraiturik arazoak izanen lituzketela beren burua finantzatzeko eta proiektua aurrera eramateko. Caparrosoko gaztetxea ekarri dute gogora. Iruñeko Udalak eraikin hura utzi zion gaztetxeko batzordeari legegintzaldiaren hasieran, baina, azkenean, hustu egin zuen, hitzartutakoa bete ez zutelakoan.

Autokritika

Prentsara bidalitako oharrean autokritika egin du Maravillas gaztetxeak, negoziazio prozesuarekin asmatu ez dutelakoan. Lehenik eta behin, negoziatzeko haien kontrako salaketa bertan behera uzteko baldintza jarri zutelako, eta hori ez dutelako bete. Bestetik, negoziazio horrek gaztetxeko kideei eta beste aldeei "higadura politikoa" eragin dielako. Negoziazio prozesuaren "dinamikek" eta erritmoek gaztetxeko kideen artean eta beste eragileen artean "tentsioa" sortu duela ere azaldu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.