GAZTETXEAK

Maravillas gaztetxeko 22 kide epaitzen hasi dira

Nafarroako Gobernuaren eraikin bat usurpatu izana leporatu diete. Gobernuak 70.000 euroko zigorra eskatu du, Rozalejoko markesaren jauregian eragindako kalteengatik. Atarian protesta egin dute.

Gaztetxeko 22 kideren aurkako epaiketa. ION ORZAIZ
2019ko urriaren 17a
16:01
Entzun

Martxan da Iruñeko Maravillas gaztetxearen inguruko epaiketa. Maiatzean egitekoa zuten, baina atzeratu egin zuten, Nafarroako Gobernuak azken unean beste txosten bat aurkeztu zuelako. 22 gazte daude auzian inputatuta. Usurpazio delitu arina egozten diete, eta isun ekonomikoa jaso dezakete. Gobernuak 70.000 eurotik gorako isuna eskatu du akusatuentzat; horietatik 36.000 euro erantzukizun zibilari dagozkionak lirateke, eta gainontzeko dirua, Rozalejoren jauregian sortutako kalte materialengatik.

Iazko abuztuaren 18an hustu zuten lehenengo aldiz Maravillas. Polizia goizaldean sartu zen gaztetxera, eta babesa ematera bildu ziren gazteen aurka jo zuen. Iluntzean, ordea, berriro sartu ziren gazteak barrura. Urtarrilaren 19an, azterketa tekniko bat egin behar zutela argudiatuta, Poliziak hustu egin zuen gaztetxea. Ondoko egunetan, hainbat protesta egin zituzten hustea salatzeko, eta Poliziak gogor erantzun zuen mobilizazioetan parte hartu zutenen aurka. Gaztetxeko kideak Rozalejoren jauregira sartu baziren ere, alde egin zuten. Nafarroako Gobernuak porlanez itxi zuen atea, eta horrela dago gaur egun ere.

Epaiketaren harira, elkarretaratzea egin dute auzitegiaren atarian. Absoluzioa eskatu dute 22 lagunentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.