Maravillasen aurkako bide judizialari eutsi dio Nafarroako Gobernuak

Gobernuak helegitea jarri dio gaztetxearen auzia artxibatzeko ebazpenari. EH Bilduk erabakia txarretsi du, eta «elkarrizketarako bideak zabaltzeko» eskatu dio Barkosi

Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak ez du itxi nahi auzitegiko atea. Atzo, helegitea jarri zion Maravillas gaztetxearen auzia artxibatzeko erabaki judizialari, Rozalejoko markesaren jauregia «era adostuan»husteko asmoa duela argudiatuta.

Okupazioaren aurkako salaketa aurkeztua zuen Uxue Barkosen gobernuak, baina, iragan larunbatean, eraikina bigarrenez husteari uko egin ostean, epaileak artxibatu egin zuen auzia, gobernuak egoera «behin-behinean onartzen» zuela ulertuta. Presidentetza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilari Maria Jose Beaumonten esanetan, ordea, auziaren artxibatzea ez zuen eskatu Nafarroako Gobernuak. Gobernuak uste du auzia artxibatzea onartuko balu eraikinari uko egingo liokeela.

Kontseilariak berretsi zuen ez dutela «polizia prozesu» bat nahi, «adostua» baizik; baina, edonola ere, eraikina hutsiknahi dutela, bertan Oroimen Historikoaren Nafarroako Institutua paratzeko. Horregatik, «negoziatzeko prest» azaldu da gobernua behin baino gehiagotan. Hala ere, Maria Solana bozeramaileak onartu du oraindik ez direla batzartu gaztetxeko kideekin.

Gobernuaren jarrerak eztabaida piztu du laukoaren barruan ere. Atzo, gobernuak «bide judizialarekin duen tema» kritikatu zuen EH Bilduk. Ohar batean adierazi zuen Maravillas gaztetxearen auzia «elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez» konpondu behar dela, eta joan den ostiraleko hustea eta Poliziaren oldarraldiak kritikatu zituen: «Nafarroako Gobernuak, aldaketaren testuinguru honetan, ezin ditu erabili iraganeko moduak eta metodoak gatazka hau konpontzeko».

Larunbatean, manifestazioa eginen dute gaztetxearen aldekoek, 18:00etan, Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.