Marcelino Bilbao Bilbao (Alonsotegi, Bizkaia, 1920) gaur hil da, 94 urte zituela.
Umezurtza zen Bilbao. Eskola 12 urte zituela utzi, eta Barakaldoko La Primitiva meatzean hasi zen lanean. Beranduago, jute harien fabrika batera joan zen lanera, nerabea zela. II. Errepublikaren garaian, Gazte Sozialista Bateratuen kide izan zen. 1936ko gerra piztu eta berehala, Euzko Gudarosteko CNTren Isaac Puente batailoian sartu zen. Vila-realeko erasoan, Oviedoko setioan eta Sollubeko batailan borrokatu zuen. Gernikako bonbardaketaren lekukoa ere izan zen. Iparreko frontea erori zenean, Avilesetik (Espainia) Bordelera (Frantzia) jo zuen. Eta handik, Kataluniara iritsi zen. Errepublikako ejerzitoaren Maxim metrailadore konpainian hartu zuten orduan. 1939ko otsailean, Junqueratik (Katalunia) Frantziara jo zuen .
1940ko ekainean, naziek hartu zuten preso, Epinalen (Frantzia), eta Estrasburgora eraman zuten. Urte horretako abenduan deportatu zuten Mauthausengo konzentrazio eremura. Gatibu, Aribert Heim mediku naziaren esperimentuetarako akuri gisa erabili zuten, osagai pozoitsuekin. Esperimentuetan erabili zituzten 30 presoetatik zazpi baino ez ziren bizirik atera. Bilbao haien artean. 1943an, Ebenseeko (Austria) konzentrazio eremura eraman zuten, gerra amaitu zen arte.
Mauthausengo bizipenak 'Trángulo azul' liburuan deskribatu zituen, 1969. urtean. Bi dokumentaletan ere jasoak dituzte bere bizipenak.