Euskal Herria

Marcelo Usabiaga hil da

1936ko gerran Asturiasen borrokatu ziren Euskal Brigadako gudari eta milizianoetako bat izan zen. 

Marcelo Usabiaga, Gipuzkoako Diputazioak omendu zuenean. JON URBE, ARGAZKI PRESS
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko uztailaren 24a
17:04
Entzun

EPK-ko batailoiko milizianoa izan zen, eta 98 urterekin hil da. Ordizian jaio, eta bizilekua Hernanin finkatu zuen PCEko militante komunistak; makia ere izan zen. 

Gerrari Irunen ekin zion, 1936ko uztailean. Bartzelonan, Madrilen, Asturiasen eta beste zenbait lekutan ibili zen, harik eta Valentzian atxilotu zuten arte. Asturiasen (Espainia), komunistaz eta anarkistaz osaturiko Roxa Luxemburgo batailoiko buru izan zen. 

30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten; hasieran, heriotza zigorra eskatu zuten haren kontra, eta, beraz, hilabetez heriotza zigorrera kondenaturikoen ziegan egon zen. "Eta hori... hori okerrena da, gerta dakizukeen okerrena. Irteerarik ez duzula pentsatzea. Hilko zaituztela", adierazi zion Usabiagak BERRIAri 2011ko uztailean eginiko elkarrizketa batean.

Valentziatik Arroara (Zestoa, Gipuzkoa) eraman zuten, destakamentu batera. Baina haren izena atera zen hango sabotaje batzuen inguruan, eta ihes egin zuen, "mendira". 1943a zen. Talde txikitan jendea mugan pasatzen hasi zen, eta, horretan zebilela, Donostiako etxebizitza batean atxilotu zituzten, 1944an. "Nire bizitzako beste une tragiko bat horixe izan zen. Ni ziur nengoen fusilatuko gintuztela". Ziegan, hormaren aurrean zutik jartzen zen, pelotoiaren aurrean balego bezala. "Bakartuta pasatu nuen urtea, kalabozoan sartuta, eta ia egun osoan bakarrik", esan zion orain hiru urte BERRIAri, Ondarretako kartzelari buruzko erakusketa zabaldu zenean. Orotara, 21 urte pasatu zituen kartzelan; horietatik hamabost, Burgosko espetxean.

"Gerratik ezin da inoiz ezer onik atera", uste zuen Usabiagak, baina borrokan jarraitu du azken unera arte, "mundu hobeago batekin" amesten baitzuen. "Hezkuntza luzea da, belaunaldietakoa; orain hasi behar duzu, eta belaunaldiz belaunaldi jarraitu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.