Eizagirreri bost eguneko epea eman dio Garzonek bermea ordaintzeko, beraz, gaur bertan aterako da kalera. Hala ere, epaileak "ETAren laguntzaile" izatea leporatzen dio kaleratu duen autoan. Urrestarazuri eta Iturriozi, berriz, ETAko kide izatea egozten die.
Urrestarazuk eta Iturriozek (bikotea dira) Ibon Fernandez Iradi eta Ainhoa Garcia Montero ETAko kideak etxean izan zituztela onartu dute epailearen aurrean, baina ukatu egin dute poliziari egindako deklarazioetan esandako beste zenbait gauza. Esaterako, poliziari egindako deklarazio horietako batean ETAk egindako hainbat hilketetan zerikusia izan zuela onartu zuen Urrestarazuk, baina epailearen aurrean gezurtatu egin du eta jasotzen ari zen tratu gogorren ondorioz egin zuela adierazpen hori agertu du.
Izan ere, Alaitz Iturriozek haurdun egon daitekeela uste du eta hala jakinarazi zie poliziei atxilotu zutenean. Epailearen aurrean esan dutenez, poliziak hortaz baliatu dira presioa egiteko. Iturriozek zehaztu du galdeketetako batean ia hamabi orduz behartu zutela zutik eta besoak zabalik egotera. Eskuetanboligrafo bana jarri bide zioten eta erortzen bazitzaizkionhaurra kaltetzeko moduan joko zutela egiten zioten mehatxu.
Urrestarazuk jo egin dutela agertu du, eta neskalagunaren haurdunaldiarekin presio handia egin diotela. Funtsean, inkomunikatuta egon diren bitartean oso tratu gogorra jaso dutela adierazi diete abokatuei.
Margari Eizagirrek, berriz, ETArekin ez duela inoiz harremanik izan deklaratu du epailearen aurrean. Ibon Fernandez Iradi ezagutzen duela onartu du, baina unibertsitatean ikasten zuen garaitik, eta hartara mugatu dela harekin izan zuen harremana. Inkomunikatuta egon den bitartean presio psikologiko handia jasan duela salatu du.
Fiskalak Urrestarazu eta Iturrioz baldintza gabe espetxeratzeko eskatu du. Eizagirreri dagokionez, berriz, 12.000 euroko bermearen truke aske uzteko eskatu du. Gainera, 48 orduko epea eman du bermea ordaintzeko, beraz, epaileak eskaera onartuko balu gaur bertan geratuko litzateke libre. Nolanahi ere, Garzon epaileak ez du oraindik ebazpenik kaleratu.
19 atxilotuetatik hamar aske
Urrestarazu, Iturrioz eta Eizagirreri buruzko erabakia hartu aurretik, 19 atxilotuetatik bederatzi aske irten dira eta zazpi espetxeratu dituzte. Aske utzi dituztenen artean baldintzapean atera dira zazpi —horietatik bost 1.000 eta 12.000 euro bitarteko fidantzak ordainduta eta bi astero sinatzera joateko baldintzarekin—.Beste biak, Xabier Balerdi eta Andoni Cobos ordiziarrak, epailearen aurrean deklaratu gabe utzi dituzte libre.
Aipatzekoa da epailearen aurrean deklaratu gabe aske geratu diren bi horiei delitu oso larriak egotzi zizkietela atzo hainbat komunikabidek poliziak emandako informazioetan oinarrituta. Hain zuzen ere, Urrestarazu eta Iturriozekin batera hilketa sorta batean zerikusia izan zuen komando bateko kideak izatea leporatu zieten.
Polizia operazioa
Margari Eizagirre bermepean aske aterako da; Urrestarazu eta Iturrioz baldintza gabe espetxeratuko dituzte
12.000 euroko bermearen truke Margari Eizagirre 'Berria'-ko langile zestoarra aske uztea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak. Operazio berean atxilotutako Ibon Urrestarazu eta Alaitz Iturrioz, ordea, baldintza gabe espetxeratzeko agindu du. Espainiako Poliziaren esku inkomunikatuta egon diren denboran oso tratu gogorra jaso dutela agertu dute Urrestarazuk eta Iturriozek, eta Eizagirrek, berriz, presio psikologiko handiak. Joan den astearte goizaldean abiatutako sarekada handian atxilotutako 19 lagunetatik deklaratzen azkenak izan dira hiru horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu