Manuel Lekuona saria jasotzen laugarren emakumea izango da Mari Jose Azurmendi. 1997an Micaela Portilla historialariak jaso zuen, 2006an Menchu Gal margolariak eta 2012an Soledad Silva Berastegi arte irakasleak. Azurmendi soziolinguista da, "emakume aitzindaria" Manuel Lekuona sariko epaimahaiaren iritzian.
Beasaingo Alkartasuna Lizeoa ikastolako lehen emakume zuzendaria izan zen, baita EHUko katedradun izatera iritsi zen lehen emakumezkoa ere. Soziolinguistika Klusterraren sortzaile eta bultzatzaile nagusietako bat izan zela ere azpimarratu dute. Klusterrak argitaratzen duen Bat soziolinguistika aldizkariko zuzendari izan da sei urtez.
Baina ez hori bakarrik: "Ibilbide profesional eta akademiko aparta izan du, eta hizkuntza normalizazioa bere egin du, ekarpen joria eginez euskarari". Soziolinguistikan aitzindaria izan dela nabarmendu du, eta gogor egin duela lan psikosoziolinguistika garatzen. Nabarmentzekoa da Psikosoziologia izeneko bere lana, jakintza arlo horretan murgiltzeko eskuliburua.
Horregatik guztiagatik erabaki du epaimahaiak Manuen Lekuona saria Azurmendiri ematea. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, Euskaltzaindiak, Aranzadi zientzia elkarteak, Labayru fundazioak, Jose Miguel Barandiaran fundazioak, Euskal Kultur Erakundeak, Vianako Printzea erakundeak eta Eusko Ikaskuntzak osatzen dute epaimahaia. Baina ez dute haiek bakarrik hartu erabakia. Azken erabakiaren %60 egon da epaimahaiaren esku, gainerako %30 Eusko Ikaskuntzako bazkideen esku izan da, eta falta den %10a "Euskal Komunitate Globalaren" esku.