BERRIAk egiaztatu ahal izan du Karmele Sanz Manrique dela herenegun Galiziako istripuan hil zen emakume gipuzkoarra. Familiak atzo identifikatu zuen gorpua, eta gaur arratsaldean ekarriko dute Donostiako beilategi batera. Hileta bihar izango da, Andoainen.
Sanz Manriquek enpresen kudeaketan lan egiten zuen. Lan kontuak direla eta, Santiagon bizi zen, eta hara zihoan herenegun, Madrildik abiatuta. Hiru aste Santiagon igaro ohi zituen, eta bat Madrilen. Trenean Santiagora bueltan zihoan, beste hainbat bidaiari bezala, Galiziaren Eguna ospatzera. Lagun batzuekin zihoan trenean.
Gasteizko emakume bat ere hil da ezbeharrean; Maria Angeles Moreno da, 46 urtekoa, Espainiako Gobernuak Araban duen ordezkaritzak Efe agentziari jakinarazi dionez. Salamancan bizi zen.
11:30ean, agerraldi bat egin du Espainiako Poliziak, ikerketaren berri emateko. Jakinarazi du 78 direla hildakoak, eta sei falta direla identifikatzeko. Azaldu du hiru bide daudela hildakoak nortzuk diren jakiteko, eta falta diren seiren kasuan denbora gehiago beharko dutela gaineratu du.
Halaber, Poliziak ohartarazi du atzo 20:00etatik atxilotuta dagoela makinista, eta oraindik ez duela epailearen aurrean deklaratu. Argitze agiria "konplexua" izango dela iragarri du.
Omenaldia Bilbon
Bilboko Udalak antolatuta, omenaldi bat egin dute eguerdirako istripuan hildakoen alde. Santiago de Compostela kalean izan da omenaldia; lore sorta bat jarri dute, eta minutu bateko isilunea gorde dute. Bertan izan dira Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, besteak beste.
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak hiru eguneko dolua ezarri du, bart gauerditik aurrera. Epe horretan, Nafarroako bandera makila erdira izango da erakunde publikoetako egoitzetan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak "dolumin sentituena" helarazi die hildakoen senideei, eta elkartasuna adierazi dio Galiziako herriari. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Marcos Nanclares Migrazio diputatuak idatzi bat igorri dute Gipuzkoako Galiziako Etxe guztietara, elkartasuna adierazteko.
Donostiako Udalak ere babesa adierazi die, bereziki, hirian bizi diren galiziarrei. Juan Karlos Izagirre alkateak idatzi bana bidali ditu Galiziako Xuntara eta Santiagoko Udalera, dolumina adierazteko.
Andoaingo Udalak, bestalde, "doluminik sentikorrena" adierazi die Sanz Manriqueren senide eta lagunei. Halaber, "errespetua" eskatu du udalak biktimaren gertukoentzat.