Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak prentsa oharra atera du gaur Hondarribiko Jaizkibel konpainiari Eusko Jaurlaritzak ezarri dion ibilbide eta ordutegi aldaketaren inguruan. Emakundek aurreko astean aldaketa horiek onartzen zituela esan ondoren, Silvestrek konpromisoa agertu du datorren urtean Jaizkibelek "ibilbidea eta ordutegia berreskuratu dezan ahalegintzeko".
"María Silvestre Emakundeko zuzendariak sentitzen du segurtasun arrazoiengatik konpainia mistoak bere ibilbidea aldatu behar izana Hondarribiko alardean", dio Emakunderen oharrak. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila 1997ko txosten batean oinarritu zen "segurtasun arazoak" argudiatuz konpainia mistoaren ibilbidea eta ordutegia aldatzeko. Hurrengo urtean aldaketak atzera eramateko ahalegina "betiere herritarren segurtasuna bermatuz" egingo duela gaineratu du Silvestrek.
Emakundek aurten ere Hondarribiko alardean izango dela iragarri du: "Modu honetan Jaizkibel konpainiari bere babesa eskaini nahi dio, bere ibilbideari eta aldarrikapenari. Babes hau etorkizunean mantendu nahi du eta datorren urtean emaitzak izatea espero du konpainiaren ikusgarritasuna eta protagonismoa berreskuratuz". Bide batez, Hondarribiko eta Irungo udal gobernuei arazoa zailtzea leporatu die, eta ez dutela jai berdintsuak lortzen lagundu salatu du.