Udalbiltza auzia

Maribi Ugarteburu: "Epaiketa inkisitoriala da hau"

Udabiltzako auzipetuek prentsaurrekoa eman dute gaur Donostian, epaiketaren hasiera baloratzeko. Adierazi dute "Dena ETA da" esamoldeak gidatutako prozesamendua dela eurena eta "eskubide zibil eta politikoen kontrakoa".

2010eko uztailaren 28a
15:59
Entzun
Amaitu dira Udalbitzaren aurkako auziko uztaileko lehenengo lau saioak. Eta auzipetuek balorazioa egin nahi izan dute gaur, Donostian, prentsaurrean. Hiru ideia azpimarratu nahi izan dituzte.

Lehenik, "jarduera politiko publikoei buruz" azalpenak ematen ari direla "auzitegi penal baten aurrean". Eta horrek argi erakusten duela "demokraziaren beraren lehenengo funtsa zigortu asmo duela Auzitegi Nazionalak". Epaiketa hau "epaiketa inkisitoriala" dela baieztatzeraino.

Bigarrenik, salatu nahi izan dute "Dena ETA da esamoldeak" gidatutako prozesamendua dela hau. Baina, adierazi dute epaiketan argi azaltzen ari dela "gezur handi batean oinarritu dela prozesamendu osoa".

Eta hirugarrenik, epaiketa hau "eskubide zibil eta politikoen kontrako epaiketa" dela, "biltzeko eskubidea" eta "herritarren ordezkari izateko eskubidea" urratu delako.

Fiskaltzari buruz esan dute, "Udalbiltzaren sorrera eta jarduera udal hautetsien borondatez egin zela estali nahian" dabilela, "Udalbiltza ETAren aginduetara sortu eta garatu zela erakusteko". Baina, horri eusteko ez duela "inolako froga edo argibiderik erakutsi".

Irailaren 13an jarraituko du epaiketak Espainiako Auzitegi Nazionalean, Udalbiltzaren eta bertako hautetsi edo langile ziren 20 pertsonaren kontra. Ministerio fiskalak 10 eta 15 urte bitarteko espetxe zigorra eskatua du pertsona horien aurka, eta Dignidad y Justicia elkarte ultraeskuindarrak 15 eta 23 urte bitarteko zigorrak. Horrez gain, Udalbiltzaren, Udalbiltza Partzuergoaren eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsaren debekua eskatzen dute bi akusazioek, 20 auzipetuen inhabilitazioaz gain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.